INDARKERIA OLDEA
Haitiko Gobernuak larrialdi egoera eta etxeratze-agindua ezarri ditu, indarkeria oldea dela eta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den ostegunetik, aurrekaririk gabeko enfrentamenduak ari dira izaten Haitiko Poliziaren eta armatutako gaizkile-taldeen artean. Hainbat pertsona hil dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Haitiko Gobernuak larrialdi egoera eta etxeratze-agindua ezarri ditu datozen 72 orduotarako Port-au-Prince hiriburuan eta mendebaldeko hainbat eskualdetan izaten ari den indarkeria oldea dela eta. Gaizkile-taldeek Gobernuaren kontra kalean egindako indarkeria ekintzei, azken egunotan bi espetxetan izandako erasoak gehitu zaizkie, eta horrek egoera are gehiago nahastu du. Ariel Henry lehen ministroaren dimisioa eta hauteskundeak berehala deitzea exijitzen dute taldeok.
Agiri bat kaleratu du Haitiko Gobernuak, "segurtasuna eta kontrola berreskuratzeko" hartu dituzten erabakien berri emanez. Bertan zehazten denez, astelehenean, asteartean eta ostegunean 18:00etatik 05:00etara egongo da ezarrita etxeratzeko agindua. Neurri hori ez zaie aplikatuko zerbitzua ematen ari diren poliziei, suhiltzaileei, anbulantzietako gidariei, osasun-langileei eta kazetariei.
Ariel Henry Haitiko lehen ministroaren ordezko lanak egiten ari den Patrick Michel Boivertek izenpetu du larrialdi egoera deitzeko agindua. Haren hitzetan, emandako agindua betetzen ez duten herritarrak berehala atxilotzeko mandatua helarazi zaie polizia indarrei.
Bereziki, Port-au-Prince inguruan areagotu dira indarkeria ekintzak azken egunotan. Bahiketak, hilketak edota lapurretak egotzi dizkiete gaizkile-taldeei Haitiko agintariek.
Testuan, Capitale eta Croix des Bouquets espetxeetan izandako erasoak nabarmendu dituzte, funtzionarioak eta poliziak hil zituztela esanez. 3.000 presok baino gehiagok ihes egin zutela eta "herrialde osoaren segurtasuna arriskuan" dagoela gehitu dute.