Hauteskundeak
Zentro-eskuinak irabazi ditu hauteskundeak Portugalen, eta ultraeskuinak gobernua osatzea eskaini die
agentziak | eitb media
Eskuinera egin du Portugalek. Aliantza Demokratikoa zentro-eskuindarrak, oso alde estuarekin bada ere, Alderdi Sozialistari aurrea hartu dio. Horren gain, eskuin muturreko Chega alderdiak laukoiztu egin ditu emaitzak, orain lau urteko bozekin alderatua.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zentro eskuineko Aliantza Demokratikoa (AD) koalizio kontserbadoreak irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak, Alderdi Sozialistarekin botoetan ia berdinketa teknikoa izan badu ere. Luis Montenegro ADko hautagaiak jada iragarri du gobernua osatzeari ekingo diola hauteskunde biharamunean.
Antonio Costa sozialistaren zortzi urteko agintearen ondotik, beraz, eskuinera egin du nabarmen Portugalek; milaka boto, gainera, Chega eskuin muturreko alderdira joan dira. 2022ko datuekin alderatuta, laukoiztu egin dituzte emaitzak ultraeskuindarrek.
Botoen % 99,01 zenbatuta, ADk botoen % 28,63 eskuratu ditu, eta emaitza horri Madeiran bildutako % 0,86 batu behar zaio. Hala, 79 eserleku izango dituzte sozialistek Portugalgo Asanblean. Alderdi Sozialistak, berriz, bozen % 28,66rekin, 77 eserleku izango ditu, eta Chegak, % 18,06kin, 48. Laugarren tokian, berriz, Ekimen Liberala alderdia geratu da, botoen % 5,08 bilduta (8 eserleku).
Atzetik geratu dira, hurrenkera honetan, alderdi hauek: Ezkerreko Blokea (% 4,46, 5 ordezkari), CDU-PCP berdeen eta komunisten aliantza (% 3,30, 4 ordezkari), Livre alderdi ekologista (%3,26, 4 ordezkari) eta PAN alderdi animalista (%1,93, ordezkari bat).
Gobernu berria
Emaitzen berri izan eta berehala, Pedro Nuno Santos Alderdi Sozialistaren hautagaia hedabideen aurrera atera da, eta lehen kolpetik, ADren garaipena onartu eta oposizio-buru izango dela hurrengo legealdian esan du.
Handik gutxira atera da Montenegro, eta garaipenagatik bere poza agertu ondoren, jarraitzaileen aurrean argi esan du ez duela eskuin muturrarekin gobernua osatuko. "Portugalgo herritarrek garbi esan dute alderdien eta ordezkari politikoen arteko elkarrizketa lehenetsi behar dugula, eta hori egingo dut", erantsi du.
Behin eta berriz galdetu dioten arren, Chega alderdiarekin ez duela gobernurik osatuko azaldu du. "Kanpainan behin eta berriz esan nuen, eta hitza beteko dut".
Emaitzekin pozik agertu da, halaber, Andre Ventura Chegako hautagaia. Portugalen "bipartidismoa" amaitu dela azpimarratuta, eskuin muturraren garaipena herrialdearen leku askotan "aintzat hartu eta entzun beharreko garaipena" dela gehitu du.
Parte-hartzea
10,8 milioi portugaldar zeuden deituta igandeko bozetara, eta horietatik % 66,23k eman dute botoa, aurreko hauteskundeetan baino % 12 gehiagok.
Azken hauteskundeetatik bi urte pasa berri direnean iritsi dira hauteskunde aurreratuak Portugalen. Izan ere, Costaren hirugarren legegintzaldia azaroan amaitu zen dimisioa eman zuelako, fiskaltzak ustezko irregulartasunengatik ikertzen ari zela iragarri ostean. Ondoren, ez zuela errurik ikusi zen eta ez dago haren aurkako akusazio formalik.