Itxi

ASIA

Ipar Koreak irismen laburreko zenbait misil balistiko jaurti ditu Japoniako itsasora

agencias | eitb media

Leer en Castellano

Hego Koreak eta AEBk egin dituzten maniobren amaieran, eta Antony Blinken AEBetako Estatu Departamentuko idazkaria Seulera iristearekin batera egin du operazioa Pyongyangek.

Ipar Koreak jaurtitako misilen berri jaso dute Hego Korean. Argazkia: EFE

Ipar Koreak irismen laburreko zenbait misil balistiko jaurti ditu gaur Japoniako itsasorantz, Hego Koreak eta AEBk egin dituzten maniobren amaieran, eta Antony Blinken AEBetako Estatu Departamentuko idazkaria Seulera, Demokraziaren Goi-bileran parte hartzera, iritsi denean.

Hego Koreako Estatu Buruzagitza Bateratuak jakinarazi du Pyongyangdik jaurtitako hiru misil atzeman dituela bertako 7:44etik 8:22ra, 300 kilometro egin ostean Japoniako itsasoan erori direnak.

"Guztiz gaitzesten dugu Ipar Koreatik egindako misilen jaurtiketa, Koreako Penintsulako bakea eta egonkortasuna mehatxatzen duen probokazio argia baita", adierazi du Hego Koreako Armadak, goizean jasotako informazioa AEBko eta Japoniako agintariekin partekatu ostean.

Seulek eta Washingtonek urtero egiten dituzten, 11 egun iraun duten, eta Pyongyangen arma nuklearren eta misilen jarduera eteteko helburua duten "Askatasun ezkutua" izeneko maniobrak amaitu direnean izan da misilen jaurtiketa, mugako tentsioa baretzeko asmoz 2018an bi Koreek sinatutako ituna Pyongyanek bertan behera utzi eta gutxira.

Azken asteotan, Ipar Koreak hainbat misil "estrategiko" jaurti ditu itsaso Horira eta Japoniakora, eta Hego Koreari "adiskidetzarako eta bateratzerako kide" izaera kendu eta etsai nagusienen artean sartu du, AEBrekin batera.

 

Albisteak (1)