Itxi

Mendebaldeko Sahara

Maroko-Europa arrantza ituna errefusatu du EBko Auzitegiaren abokatuak, saharar herria ez errespetatzeagatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Abokatu nagusi baten ondorioak lotesleak ez diren arren, Luxenburgon egoitza duen auzitegiak kontuan hartzen ditu gehienetan epaia ematen duenean.

Emakume bat Mendebaldeko Sahararen aldeko mobilizazio batean, Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak babestu egin du gaur 27 estatu kideen eta Marokoren arteko merkataritza-akordioa, baina arrantza-ituna baliogabetzeko eskatu du, lehenengoak Mendebaldeko Saharako lurraldea eta inguruko urak Marokotik "bereizi eta desberdin" gisa hartzen dituelako, baina bigarrenak ez.

Abokatu nagusi baten ondorioak lotesleak ez diren arren, Luxenburgon egoitza duen gorteak kontuan hartzen ditu gehienetan epaia ematen duenean.

Bestald, Tamara Capeta legelari kroaziarrak eskatu du Mendebaldeko Saharatik datozen meloi eta tomateek "jatorrizko herrialdea" aipatzea etiketan, Marokotik barik lurralde horretatik datozela argi uzteko.

Gaur argitaratutako iritzia EBk eta Marokok 2019an sinatu zuten akordioari buruzkoa da. Akordio horren bidez, aldeek salerosketarako muga-zergen ituna Mendebaldeko Saharako lurraldean jatorria duten produktuetara zabaldu zuten.

Ituna sinatu zen urte berean, 2019an, Fronte Polisarioak baliogabetzea eskatu zuen, Kontseiluak saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea errespetatu ez zuela ziurtatuz. 2021eko epai batean, Kontseiluaren erabakia babestutako akordioa baliogabetu egin zuen Auzitegi Orokorrak.

Orain abokatua ez dator bat Auzitegi Orokorrarekin (Europako Justiziaren lehen instantzia), eta Fronte Polisarioak aurkeztutako helegitea onartzean "huts" egin zutela uste du.

Bestalde, Abokatu Nagusiak Luxenburgon egoitza duen gorteari eskatu dio bertan behera utz dezala EBren eta Marokoren arteko arrantza akordioa, Mendebaldeko Saharako lurraldea eta inguruko urak Marokotik "bereizi eta desberdin" gisa ez tratatzeagatik. "Kontseiluak (estatu kideak) ez zuen errespetatu Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio-eskubidea", uste du.

Iritzia Kontseiluak (EBren izenean) eta Marokok 2019ko urtarrilean sinatutako arrantza-lankidetza iraunkorreko akordioari eta hura ezartzeko protokoloari buruzkoa da.

2019ko ekainean, Fronte Polisarioak erabaki hori baliogabetzeko eskatu zion Justizia Auzitegiari, Mendebaldeko Saharako herriaren ordezkari zela argudiatuta.

2021eko irailean emandako epai batean, EBko Auzitegiak arrantza-akordioa ezartzeko erabakia baliogabetu zuen, baina urte horretan bertan Europako Batzordeak eta Kontseiluak epai judizial horren aurkako errekurtsoa jarri zuten.

Gaurko ondorioetan, Tamara Capeta abokatu nagusiak Auzitegiari proposatu dio helegite horiek guztiak atzera botatzea eta Justizia Auzitegiaren epaia berrestea. Epai horrek Kontseiluaren erabakia baliogabetzen zuen.

Marokoko Gobernuak elkarkidetza "maniobra politikoetatik" babesteko eskatu dio EBri, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren gomendioen berri izan ondoren.

"Europar Batasunak, bere erakunde eta estatu kideak barne, bere gain hartu behar du Marokorekin harremana blindatzeko eta probokazio eta maniobra politikoetatik babesteko ardura", azpimarratu du Mustafa Baitas Marokoko Gobernuko bozeramaileak.