Ukrainako gerra
Errusiak misilak eta droneak jaurti ditu Ukrainan, energia azpiegituren aurka egindako erasorik handienean
Agentziak | EITB Media
Ukrainako agintarien arabera, gutxienez hiru pertsona hil dira. Gainera, inguruko herrialdeetatik argindarra jasotzen ari dira Ukrainan hornidura bermatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errusiak 90 misil eta 60 drone baino gehiago jaurti ditu goizaldean Ukrainako bederatzi eskualderen aurka, eta, ondorioz, miloi bat kontsumitzaile baino gehiago argindarrik gabe gelditu dira. Ukrainako agintarien arabera, gerra hasi zenetik Errusiak energia azpiegituren kontra egindako erasorik bortitzena izan da.
Aipaturiko erasoetan gutxienez hiru pertsona hil eta hamabost inguru zauritu dira, bertako agintariek zabaldutako informazioaren arabera. Bi pertsona Ukraina mendebaldeko Khmelnytsky eskualdean hil dira, eta hirugarrena, Zaporizhian.
Ukraina Errumaniatik, Eslovakiatik eta Poloniatik argindarra jasotzen ari da hornidura bermatzeko. Bertako argindar enpresa nazionalak azaldu duenez, egun osoa beharko dute kaltetutako azpiegiturak konpondu eta zerbitzua berrezartzeko.
Atzo, osteguna, Errusiak 31 misil jaurti zituen Ukrainako hiriburuaren aurka, baina misilen aurkako defentsa sistemak geldiarazi zituen. Agintari ukrainarren esanetan, Ukrainako Inteligentzia Militarraren aurkako erasoa izan zen.
Iragan astean, Ukrainak Errusiako petrolio azpiegiturei eraso zien Belgorod eskualdean, eta Moskuk orduan agindutako erantzuna da, itxura batean, bart egindakoa.