Atentatua Errusian
Estatu Islamikoak Moskun egindako atentatu terrorista irmo gaitzetsi dute Europan eta mundu osoan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
100 hildako baino gehiago utzi ditu ostiral honetan kontzertu areto batean izandako tiroketak. Nazioartean herrialde askok aho batez gaitzetsi dute erasoa. Nazio Batuen Segurtasun Batzordearen hitzetan, "eraso ankerra eta koldarra" izan da.
Ostiral arratsaldean Estatu Islamikoak Moskuko kontzertu areto batean egindako atentatu terrorista irmo gaitzetsi dute Nazio Batuen Erakundeak eta Europar Batasunak. Kamuflajezko jantziak zeramatzaten zenbait pertsona tiroka sartu dira Crocus City Hall aretoan. 100 pertsona baino gehiago hil eta 100 baino gehiago zauritu dituzte.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak eta Segurtasun Batzordeak gaitzetsi egin dute eraso terrorista. Ohar baten bidez, "eraso krudel eta koldar" horren aurka azaldu da Segurtasun Batzordea, eta "Errusiako Gobernuari laguntzeko" deia egin die gainerako herrialdeei, erantzuleak epai ditzaten.
"Zibilen aurkako edozein eraso" gaitzetsi du Europar Batasunak. "Kaltetutako errusiarrak ditugu gogoan", adierazi du Peter Stano Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren bozeramaileak.
Halaber, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek eta Europako Batzordeko buru Charles Michelek erasoa gaitzetsi dute, "biziki". Von der Leyenek X sare sozialean argitaratu duenez, "biktimekin eta haien senitartekoekin daude gure pentsamenduak une honetan".
Michelek, bestalde, "atentatu izugarri hau" deitoratu, eta "edozein bizitza errugaberen galera tragedia hutsa" dela esan du. X sare soziala erabili du atentatua gaitzesteko, eta hantxe eman dizkie doluminak biktima guztien familiei.
Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako, Europar Batasunerako eta Lankidetzarako ministro Jose Manuel Albaresek hauxe esan du erosoei buruz: "Irmo gaitzesten dugu Moskun jazotakoa". "Ezerk ezin du justifikatu errugabeak hiltzea", erantsi du.
Gaitzespena nazioarte mailan
Atentatu terrorista aho batez gaitzetsi dute nazioarteko herrialde gehienek. Erasoa "irmo" kondenatu du Iranek, eta antzera mintzatu dira Japonia, Afganistan, India, Argentina, Nikaragua, Honduras, Mali, Paraguai, Brasil, Maroko, Mexiko, Kolonbia, Bolivia, Portugal, Venezuela, ALBA (Aliantza Bolivartarra), Armenia, Azerbaijan, Georgia, Turkia, Mauritania, Belgika, Serbia, Alemania, Afrikako Batasuna, Herbehereak, Luxenburgo, Hego Korea, Txina, Hungaria, Italia eta Paraguai, besteak beste.
Espainiako Gobernuak ere doluminak eman dizkie Errusiako atentatuaren biktimei, eta "edozein indarkeria mota" errefusatu du.