Atentatua Moskun
Putinek atentatu "basatia" gaitzetsi, eta egileek "merezitako zigorra" jasoko dutela adierazi du
EITB Media
Adierazpen publiko batean, Errusiako presidenteak esan du atentatua egin zuten guztiak atxilotu dituztela, eta laguntza eskatu die beste herrialdeei terrorismoaren aurkako borrokan. Dolu eguna ezarri du iganderako.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak agerraldia egin du larunbat honetan, eta Moskuko Crocus City Hall kontzetu aretoan ostiralean izandako atentatuaren lau egile materialak atxilotu dituztela baieztatu du. Gutxienez 143 hildako eta 100 zauritu baino gehiago utzi ditu sarraskiak.
Kremlinen webguneak argitaratutako bideo batean, "ekintza terrorista, odoltsua eta barbaroa" salatu du Putinek, eta segurtasun indarren, erreskate zerbitzuen eta bizirik atera zirenei lagundu zieten herritarren lana txalotu du.
Errusiako presidenteak iragarri duenez, igande hau, martxoaren 24a, dolu eguna izango da Errusia osoan, eta "terrorismoaren aurkako neurri gehigarriak" ezarri ditu.
"Egile, antolatzaile, nahiz krimena agindu dutenek, denek jasoko dute merezitako eta ezinbesteko zigorra, berdin dio zein diren eta nork bidali dituen", esan du Putinek telebistako hitzaldi batean.
"Naziotasunik ez duten eta izan ezin duten horiek zorigaztokoa dute patua: mendekua eta ahanztura. Ez dute etorkizunik", esan du.
Gogora ekarri du errusiarrek ederki dakitela zer den mehatxu terrorista, duela urte batzuk Kaukasoko gerrilla islamistak egindako atentatuak gogora ekarrita.
"Gure mina benetan partekatzen duten eta etsai komuna den nazioarteko terrorismoaren kontra, bere adierazpide guztietan, elkarrekin egiteko prestutasuna duten herrialdeen laguntza espero dugu", azaldu du.
Estatu Islamikoa erakunde jihadistak erasoa bere gain hartu badu ere, presidenteak ez du taldea aipatu bere hitzaldian.
Aldiz, Segurtasun Federaleko Zerbitzuak aldez aurretik jakinarazi bezala, adierazi du hilketaren egiletza materialaren susmagarriak atxilotu dituztela jada, Ukrainako mugara zihoazenean. Agintariaren arabera, "Ukrainako aldean prest zuten sarbide bat".