Itxi

ATENTATUA MOSKUN

Moskuko atentatuagatik atxilotutako lau auzipetu dituzte terrorismoa egotzita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Errusiako hiriburuko epaitegi batek behin-behineko kartzelaldia ezarri die aurreneko lau susmagarriei. Guztira, 11 pertsona atxilotu dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Moskuko Basmanny barrutiko auzitegiak ebatzi duenez, ostiralean Crocus City Hall kontzertu-aretoan izandako erasoarekin lotura dutelakoan atxilotutako lau pertsona behin-behineko kartzelaldian izango dira bi hilabetez, epaiketaren zain, Interfax albiste-agentziak zabaldu duenez. Denei terrorismoa leporatu diete. 

11 pertsona atxilotu dituzte, guztira, Errusiako indar armatuek. Tartean, atentatuaren ustezko egile zuzenak, kontzertu-aretotik ihes egin eta Bryansk eskualdean, Moskutik 340 bat kilometrora, atxilotu zituzten lau gizon armatuak.

Moskuko epaitegiak ateak itxita egin ditu auzi saioak, ikerketa sekretupean dagoela eta. 

Atxilotutako lauek itzulpen zerbitzua eskatu dute, laurek tajiko hizkuntza hitz egiten dute eta (Tajikistanen eta Uzbekistanen berba egiten den persieraren aldaera). Denek zituzten lesio zantzuak, batez ere hematomak aurpegian. 

Deklaratzen azkena esku-ohean eraman dute, larrialdi zerbitzuak ondoan zituela, Interfax albiste agentzia errusiarrak zehaztu duenez. Errusiako agintarien arabera, laruek onartu dute errudun direla

Estatu Islamikoa talde jihadistak bere gain hartu du atentatua, baina Putinek Ukrainaren parte-hartzea izan denaren susmoa zabaldu du, Zelenskik berehala ukatu duena.

Testuinguru honetan, dozenaka misilekin eraso dio Errusiak Ukrainari igande honetan, Moskuko atentatuarekin zerikusia izan duela iradoki ostean.

Bideoak (1)