Gaza erasopean
Rafahri erasoz gero, ondorioak egon litezkeela ohartarazi dio AEBk Israeli
Agentziak | EITB Media
Kamala Harris AEBko presidendeteordeak adierazi duenez, Egiptoko mugatik gertu, Zerrendako hegoaldean, desplazatutako 1,2 milioi gazatarrek "ez dute nora jo", eta hortaz, gune horretan erasoaldia egitea "akats larria" litzateke.
Kamala Harris AEBko presidenteordeak ohartarazpen argia egin dio Israeli: Benjamin Netanyahu presidenteak Rafah eskualdeari eraso egiten badio, ondorioak egon litezke.
Bonbengatik ihesi, 1,2 milioi gazatar bilduta daude Gazako Zerrendaren hegoaldean, Egiptorekin muga egiten duen eremuan. Tel Avivek esan du Hamas "desagerrarazteko" eremu horren kontrako operazio militarra egingo duela.
"Argiak izan gara elkarrizketa askotan eta modu askotan. Rafahren kontrako edozein operazio militar akats larria litzateke", esan du ABC telebista kateari eskainitako elkarrizketan. "Mapak ondo begiratu ditut. Jendeak ez du nora jo", erantsi du.
Israelek eraso eginez gero, ondorioak egon litezkeen galdetu dio behin eta berriz. "AEBk neurriak har ditzake?", itaundu dio. Horrela erantzun dio Harrisek: "Ez dut ezer baztertzen".
Adierazpenak adierazpen, Harrisek ez du Chuck Schumer senatariaren proposamena babestu nahi izan. Senatari demokratak Israelgo hauteskundeak aurreratzea eskatu zuen eta Benjamin Netanyahu "bakearentzako oztopo" dela nabarmendu. Dena dela, kontra ere ez da azaldu.