Itxi

Kriptodirua

25 urteko kartzela zigorra ezarri diote Sam Bankman-Fried FTX kriptodiruaren plataformako sortzaileari

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Plataformaren milaka bezerori 463 milioi euroko iruzurra egitea egotzi dio Lewis A. Kaplan AEBko epaileak enpresaburu gazteari.

Bankman-Fried, ETBko bideo batetik ateratako argazki batean.

Sam Bankman-Fried FTX kriptodiruaren plataformako sortzaileari 25 urteko kartzela zigorra ezarri dio Manhattango (New York, AEB) epaile federal batek plataformaren milaka bezerori ehunka milioiko iruzurra egitea egotzita. 

Lewis A. Kaplan epaileak errudun jo du 32 urteko enpresaburua, horrek egindakoaren ostean damua agertu zuen arren. Bankman-Frieden esanetan, 2022an kriptodiruak pairatu zuen porrotaren "biktima" izan zen. 

Zazpi delitu egotzi dizkiote, besteak beste, iruzurra eta konspirazioa, 110 urteko kartzelarekin zigortuak. Dena dela, Fiskaltzak 40 eta 50 urte arteko eskaera egin du. 

Epaileak ebatzi duenez, akusatuaren damua ez da benetakoa, eta egotzitako delituak oso larriak dira. "Etorkizunean gizon honek oso gauza txarrak egiteko arriskua dago", arrazoitu du. Epaiaren arabera, biktimei lapurtutako dirutza 550 milioi dolarrekoa da (463 milioi euro). 

Epaiketan zehar, FTX plataformari esker lortutako milaka milioi anaiaren funtsera (Alameda Research) bideratzea egotzi diote fiskalek. Dirutza inbertsio espekulatiboetan, ondasun garestietan eta donazio politikoetan xahutu omen zuen Bankman-Friedek. 

FTX plataformak 2022ko azaroan jo zuen hondoa, merkatuaren aldakortasunarekin izututa, bezeroek inbertitutako dirua masiboki eskatu ostean. Plataformaren kontseilari delegatua zenak, Bankman-Friedek, orduan eman zuen dimisioa. 

Albisteak (1)