Jihadismoa
Europari erasotzeko deia egin du Estatu Islamikoak, eta Moskuko atentatuaren egileak zoriondu ditu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatu Islamikoaren bozeramaile Abu Huzaifa al Ansarik Europan eta AEBn pertsonen kontrako erasoak burutzera bultzatu ditu jihadistak, juduak eta kristauak jomugan, Gazako gerrako islamiarrei babesa agertze aldera.
Estatu Islamikoaren bozeramaile Abu Huzaifa al Ansarik iragan asteko ostiralean Moskun egindako atentatuaren egileak zoriondu ditu, eta Europan nahiz AEBn erasoak burutzeko deia egin die jihadistei, Gazako gerrako islamiarrei babesa agertze aldera.
41 minutuko ahots mezu batean —oraindik ez dute horren egiazkotasuna ziurtatu— "ohar oroigarria" bidali die Al Ansarik musulmanei, eta esan du Gazan gertatzen ari zaiena Sirian, Libian, Iraken, Egipton eta Yemenen ere jasan zutela.
"Egindako ahalegina eskertu nahi diegu kalifatzako soldaduei, eta Jainkoari eskatzen diogu Palestinara iristeko arrakasta izan dezatela, juduei aurre egiteko. Zentzu horretan, soldaduei eskatzen diegu juduak helburu izan ditzaten, eta Europan eta AEBn ere haien gurutzatuen kontra egin dezaten", esan du arabieraz Al Furgan ekoiztetxeak zabaldu duen mezuan.
Gazako gerrari buruz esan du "islamiarren zauria" dela, eta borrokarako deia egin du, "aginduak eta leloak" nahikoa ez direla iritzita.
"Juduen aurkako borroka ez da betetzen haien aliatuen kontra egiten ez bada; nonahi dauden desleialen eta gurutzatuen aurka, hain zuzen ere. Hortik abiatuta, inbasioa hasi dugu, Gazako gure familiak babesteko", adierazi du.
Hitz horiekin 2024ko urtarrilaren 4an zabaldutako mezua berretsi du. Orduan ere, Ameriketako Estatu Batuen, Europaren eta mundu osoaren aurkako erasoak eskatu zituen, "ateoen, zibilen eta militarren artean bereizketarik egin gabe".
"Ez dago Moskuko atentatua justifikatu beharrik"
"Musulmanei mendeku hartzeko eta desleialak zuzentzeko egindako eraso odoltsua" izan zen Moskuko atentatua, Al Ansariren iritziz.