Moskuko atentatua
15 pertsona atxilotu dituzte Tajikistanen Moskuko atentatuaren egileekin lotura izatea egotzita
Agentziak | EITB MEDIA
Hainbat erasotzailek Moskuko Crocus City Hall kontzertu aretoaren kontrako erasoa egin eta astebetera Errusiako agintariek jakinarazi dutenez, 144 dira hildakoak, zauritutako bat zendu baita azken orduotan.
Tajikistango segurtasun-indarrek 15 pertsona atxilotu dituzte gaur, duela astebete Moskuko Crocus City Hall kontzertu aretoaren kontra egindako atentatuarekin lotura izatea egotzita. Zehazki, ustezko erasotzaileekin loturak izatea leporatu diete.
Asia Plus albisteen webgunearen arabera, atxiloketak Vahdat hirian egin dituzte, hiriburutik 10 bat kilometro ekialdera. Hedabide horretan zabaldu dutenez, atentatuaren ustezko egileetako bat, Saidakrami Rachabalizoda (30 urte), hiri horretakoa zen sortzez.
Bien bitartean, Errusiak 11 pertsona atxilotu ditu, tartean atentatuaren lau ustezko egile materialak. "Baieztatuta dugu: eskudirutan zein kriptodiruarekin dirutza jaso zuten erasotzaileek Ukrainatik", Moskuko agintarien esanetan.
Atxilotuetako bederatzi behin-behineko kartzelaldian daude jada, terrorismoa egotzita. Errusian biziarteko kartzelarekin zigortzen da delitu hori.
Bestalde, Mikhail Muraxko Errusiako Osasun ministroak baieztatu du erasoan zauritutako pertsonetako bat hil egin dela. Horrenbestez, 144 dira hildakoak.
"Senitarteko eta lagunei doluminak eman nahiko nizkieke", adierazi du Muraxkok.
Oraindik 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hiru oso larri daude, ministroaren arabera.