Australia
Gizon batek gutxienez sei pertsona hil ditu labankadaz Sydneyko merkataritza gune batean
agentziak | eitb media
Zaurituak ere badaude, batzuk egoera kritikoan. Agintariek oraindik ez dute argitu zein zen erasotzailearen asmoa, baina badirudi ez duela helburu terrorista izan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Australiako Poliziak baieztatu du gutxienez sei pertsona hil eta zenbait zauritu dituztela, batzuk oso larri, Sydneyko Bondi Junction merkataritza gunean izan den erasoan. Gizonezko batek labankadaz egin die eraso, Poliziak tirokatuta hil aurretik.
16:00ak aldera (Euskal Herrian 08:00ak zirenean) hasi da erasoa. Labana zeraman gizonezko bat merkataritza gunean sartu, eta jendeari eraso egiten hasi da. Eraikina jendez hustu dute berehala.
Poliziaren lehenengo ikerketen arabera, erasotzailea bertan 15:10 zirenean sartu da lehenengoz merkataritza zentroan, eta labana eskuetan zuela itzuli da gero.
Anthony Cooke poliziak azaldu duenez, "bederatzi bat pertsona" labankatu ditu gizonak, polizia batekin topo egin, eta hari ere eraso egiten saiatu den arte. Agenteak tiroka hil du.
Anthony Albasene Australiako lehen ministroak agerraldia egin du komunikabideen aurrean gertakari "beldurgarria" gaitzesteko eta herritarrak lasaitzeko, erasotzailea pertsona bakarra izan dela uste baitute.
Reece Kershaw poliziak lehen ministroarekin bildu ostean adierazi duenez, ez dute erasoaren atzean dagoen arrazoiaren inguruko espekulaziorik egin nahi, baina adierazi du ez duela eraso terrorista ematen.