Itxi

EKIALDE HURBILA

AEBk ukatu egin du Iranek aurrez eman zionik Israelen aurkako erasoaren berri

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kirbyk aitortu du erasoa izan aurretik bi herrialdeak harremanetan egon zirela, baina gehitu du partekatutako informazioan ez zela erasoari buruzko mezurik jakinarazi.

John Kirby, astelehen honetako agerraldian. Argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuek ukatu egin dute Iranek Israelen kontra larunbatean egindako erasoaren berri aurrez bazutenik, Irango Gobernuak berak eta inguruko beste hainbat herrialdek kontrakoa dioten arren. John Kirby Etxe Zuriko eledunetako batek, astelehen honetan egindako agerraldian, behin eta berriz esan du "erridikulua" dela pentsatzea eurak jakinaren gainean zeudela.

Igande goizaldean Iranek 300 drone eta misil jaurti zituen Israelen kontra, apirilaren 1ean Israelek Damaskoko enbaxada irandarraren aurka egindako erasoari erantzunez. Israelek ere ez zuen ekintza armatu hori aldez aurretik jakinarazi, ezta orain arte bere gain hartu ere.

"Imajinatzen al duzue Iranek deitu eta honakoa esatea: 'Aizu, Israel erasotzera goaz 300 misil eta drone erabilita. Jakinaren gainean egoteagatik deitzen dizuegu. Gainera, hauek dira gure helburuak'. Barkatu, baina hori ez zen hala izan", esan du Kirbyk.

Onartu du, hori bai, erasoa izan aurreko orduetan harremanetan egon zirela AEB eta Iran, Suitza bitartekari zela, baina partekatu zuten informazioan ez zela "inongo momentutan" Israelgo erasoari buruzko mezurik helarazi erantsi du. Pentagonoko Segurtasun arduranek ere bertsio hori defendatu zuten atzo zabaldutako oharrean.

Kontrakoa dio Iranek. Hossein Amir-Abdollahian Irango Atzerri ministroak azaldu du Israelen kontrako erasoa egin baino 72 ordu lehenago eman ziotela horren berri Washingtoni, ordua eta helburuak ondo zehaztuta.

Turkiako, Jordaniako eta Irakeko gobernuak ere bat datoz azalpenarekin, eta ziurtatu dute Joe Biden AEBko presidenteak aurreko asteazkenean jada bazuela Iranen asmoen berri.