Israel-Iran gatazka
Israelek eraso mugatua egin du Iranen kontra, droneak erabiliz
AGENTZIAK | EITB MEDIA
'The Washington Post' egunkari estatubatuarrak esan du juduen iturri ofizial batek baieztatu diola Israelgo Armadak airez egin diola eraso Irani, iragan larunbateko bonbardaketari erantzunez.
Isfahan hiriaren ipar-ekialdean dagoen base militar batetik gertu hiru leherketa izan direla eman dute jakitera gaur, ostiralarekin, Irango komunikabideek, eta Israel jo dute eraso horien erantzule. Leherketak izan diren lekuan, Irango instalazio nuklear handiena dago.
Fars albiste agentziak kontsultatutako iturriek adierazi dute Iranek aireko defentsak aktibatu dituela drone baten erasoari erantzuteko. Horien arabera, Armadaren radar bat zuten helburu, baina "instalazio nuklearrak seguru daude".
Halere, Iranek aireko defentsak aktibatu ditu hainbat lurraldetan; izan ere, Tabriz hiriaren mendebaldean leherketa bat entzun da, nahiz eta komunikabideek zehaztu duten objektu susmagarri baten aurkako tiro hotsa izan dela.
Bestalde, aireportuko komunikazio zuzendariak Mehr agentziari esan dio 10:30era arte bertan behera utzi dituztela Teheran, Isfahan eta Xirazerako hegaldiak.
Iranek argitu du ez dela misilekin egindako erasorik egon
Misilik ez, baina hainbat drone gelditu dituztela argitu du Iranek. Orain arte, Israelgo Gobernuak ez du erasoari buruz ezer esan, ezta Pentagonoak ere. Iranek, bere aldetik, soilik aurreratu du zenbait leherketa izan direla Isfahanen, eta instalazio nuklearrak babestuta dituztela.
Gainera, ukatu egin du misilekin egindako erasorik egin izana. "Orain arte, behintzat, aireko erasoek ez dute kalterik eragin, eta egoera lasaia da", zehaztu du.
Irango Espazio Agentziak ere gauza bera esan du, AEBtik iritsitako informazioak erabat ukatuz, AEBn esan baitute Israelek misilak jaurti dituela Iranen aurka.
Erantzuteko gaitasuna daukala erakutsi nahi zuen Israelek
Israelen erasoak Iran erdialderaino iristeko gaitasuna dutela erakutsi nahi zuen, The Washington Post egunkari estatubatuarraren hitzetan.
Horren harian esan du juduen iturri ofizial batek azaldu duela Iran barnealdean egin duela erasoa Israelgo Armadak, iragan larunbateko bonbardaketari erantzunez.
Iranek aditzera eman du ez duela erantzungo
Irango Armadak aditzera eman du ez diola erasoari erantzungo. "Gure zaintzari esker, droneak suntsitu ditugu", esan dute, eta erasoari erantzungo ote dioten galdetuta, hauxe erantzun dute: "Dagoeneko ikusi da Iranen erantzuna". Israelen azken erasoa iragan larunbatean Iranek egindako erasoari emandako erantzuna izan omen da.