Itxi

Israel-Iran gatazka

Nazioartearen erreakzioa, Israelek Irani eraso egin ostean

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Gutxienez hiru leherketa gertatu dira Isfahan hirian, base militar batetik gertu. Israelek ez du operazioa baieztatu. Iranek ukatu egin du misilekin egindako erasoa izan dela, eta "objektu hegalari batzuk" aipatu ditu.

Teheran (Iran), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Gaur goizaldean Israelek Iranen egindako aire erasoak erreakzio soka luzea eragin du.

Gutxienez hiru leherketa gertatu dira Isfahan hiriaren ipar-ekialdean dagoen base militar batetik gertu, eta Israel jo dute eraso horien erantzule. Leherketak izan diren lekuan, Irango instalazio nuklear handiena dago.  

Oraingoz, Israelek ez du operazioa baieztatu. Iranek, bere aldetik, ukatu egin du misilekin egindako erasoa izan dela, eta "objektu hegalari batzuk" aipatu ditu.

Israelgo Gobernuko kideen artean hitz egin duen bakarra Ben Gvir ministro ultraeskuindarra izan da. X sare sozialean zabaldutako mezuan "ahula" idatzi du, itxura batean Israelen erantzuna gutxietsiz. 

"Oraindik zaila da informazio zehatza lortzea, baina egoera baretzeko deia egiten diegu aldeei", adierazi du Jeremy Laurence Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoaren bozeramaileak. Halaber, Israelen eta Iranen jokabidean eragina izan dezaketen herrialdeei "ahal duten guztia" egiteko eskatu die.

Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariak nabarmendu duenez, bere herrialdea "ez dago inplikatuta" Iranen aurka izandako operazioetan.

Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak tentsioa areagotu dezaketen ekintzak saihesteko eskatu du kazetarien aurrean. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaineratu duenez, Moskuk "bide diplomatikoak" erabili ditu Israeli jakinarazteko Iranek ez duela tentsioa areagotu nahi.

Txinako agintariek esan dute "modu eraikitzailean" jokatuko dutela Israelen eta Iranen arteko tentsioa leuntzeko. "Txina tentsioa areagotzea sustatzen duen edozein ekintzaren aurka dago, eta zeregin eraikitzailearekin jarraituko du indarkeria murrizteko", adierazi du Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Txina Iranen aliatu eta bazkide komertzial nagusietako bat da.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere ildo beretik hitz egin du, eta indarkeriaren gorakada baretzeko eskatu die "alde guztiei", Ekialde Hurbilean indarkeriak gora egitea saihesteko. "Behar-beharrezkoa da eskualdea egonkor mantentzea eta alde guztiek ekintza gehiago egiteari uko egitea", esan du Finlandiara egindako bisitan.

Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela azpimarratu du Erresuma Batuko Gobernuak, baina aldi berean indarkeriaren gorakada baretzeko lan egiteko eskatu die aldeei eta horien aliatuei.

Turkiako Atzerri Ministerioak gatazka "zabaltzea" eragin dezaketen urratsak saihesteko eskatu die alde guztiei.

Egipto "oso kezkatuta" agertu da Israelen eta Iranen arteko egoerarekin, eta "autokontrol gorena" eskatu die gatazka zabaltzea saihesteko.

Jordaniako Atzerri ministroak nabarmendu du eskualdea gerra batera eraman dezaketen ekintza guztiak gaitzesten dituela.