Itxi

Nazio Batuen Erakundea

NBEko errelatorea: "Gaza genozidioa da eta, hasieratik, osasun eskubidearen aurkako gerra"

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bestalde, Tlaleng Mofokeng errelatore hegoafrikarrak adierazi duenez, Israelek Palestinako herriari egindako gehiegikeriak urriaren 7a baino askoz lehenagokoak dira; izan ere, bere ustez, "bertako biztanleek ez dute bake eta justizia egunik bizi 1948tik".

Tlaleng Mofokeng Nazio Batuen Erakundeko osasun eskubideen errelatorea. Argazkia: EFE

Tlaleng Mofokeng Nazio Batuen Erakundeko osasun eskubideen errelatoreak Israel Gazan egiten ari den "genozidioa" salatu du gaur. Bere ustez, gatazka hori "hasieratik osasun eskubidearen aurkako gerra izan da".

"Gazako osasun sistema erabat suntsituta dago, eta Zerrendako osasun eskubidea maila guztietan murriztu dute", azaldu du prentsaurreko batean. Gogorarazi duenez, Zerrendako 350 profesional hil dituzte eta 500 zauritu baino gehiago izan dira iazko urritik.

"Erasoak, jazarpenak, nire lankideen erailketak, osasun-instalazioen eta erakunde humanitarioen suntsiketak bere horretan jarraitzen du, oraindik erabat zenbatu ezin izan ditugun proportzioetaraino", onartu du Hegoafrikako medikuak.

Mofokengek gaineratu duenez, Israel bonbardaketen bidez zibilei kalte egiteaz gain, "goseteak, malnutrizioa eta deshidratazioa nahita eragiten ari da".

Nazio Batuen Erakundeko errelatore bereziak berretsi duenez, egungo gatazka "biktimek denbora errealean agerian utzitako genozidioa da", eta, horren aurrean, nazioarteak "bere buruari ezarritako pasibotasun estrategia alde batera utzi behar du".

"Jendea hiltzen den bitartean, genozidio hau ez betikotzeko ahalegin guztiak egitea eskatzen dizuet", eskatu du NBEko adituak, eta "lotsatuta eta benetan damututa" dagoela esan du, "munduak Palestinari huts egin diolako".

Bestalde, Mofokengek esan du Israelek Palestinako herriari egindako gehiegikeriak urriaren 7a baino askoz lehenagokoak direla, izan ere, bere ustez, "herritarrek ez dute bake eta justizia egunik bizi 1948tik".

Gazako Zerrenda "zaintza zorrotzerako, armamenturako eta kontrol demografikorako laborategi bihurtu da duela hamarkada batzuetatik", erantsi du hegoafrikarrak.