MIGRAZIOA
Asiloa eskatu duten Ruandako migratzaileak deportatzeko plana onartu du Erresuma Batuko Parlamentuak
EITB MEDIA
Hainbat hilabeteko eztabaidaren ondoren, eta zenbait emendakin sartuta, Parlamentuak argi berdea eman dio planari. Deportazioak hiru hilabetean hasiko direla esan du Erresuma Batuko lehen ministroak.
Erresuma Batuko Parlamentuak asiloa eskatu duten Ruandako migratzaileak deportatzeko plana onartu du gaur goizaldean, Afrikako herrialdea toki segurutzat jo ondoren. Hilabeteak eman dituzte plana eztabaidatzen, eta oposizioak kritika gogorrak egin dizkio egitasmoari.
Hainbat emendakin sartu ondoren, Parlamentuak argi berdea eman dio planari. Orain, erregeak onespena eman beharko dio, eta ondoren Lege izendapena emango diote planari.
Egitasmoa onartu aurretik, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak asiloa eskatu duten Ruandako migratzaileak deportatzeko egitasmoa defendatu zuen, eta jakinarazi zuen hiru hilabeteko epean bidaliko dituztela hegazkinez Afrikara, "gertatzen dena gertatzen dela".
Erresuma Batuak eta Ruandak itun bat sinatu zuten 2023ko abenduan, eta Sunakek espero zuen horrekin Auzitegi Gorenak atzera bota zuen deportazio egitasmoaren inguruko zalantzak uxatu egingo zituela, migrazioaren gorakadari aurre egiteko 'tori'en neurri nagusia baita.
Lehen ministroaren ustez "agortuta" dago britainiarren pazientzia. "Legea onartzen denean, abian jarriko dugu kanporatzeko prozesua lehenengo hegaldirako identifikatutako pertsonekin", azaldu du. Ez du xehetasunik eman hegazkinen inguruan eta noiz hasiko den, baina "10 eta 12 asteko" epea jarri du.
Sunakek esan du lasai dagoela egitasmo berriaren legezkotasuna dela eta, Erresuma Batuak nazioartearekiko dituen betebeharrak errespetatzen dituelakoan, baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiari entzungor egiteko aukera aipatu du.
"Ez diogu atzerriko auzitegi bati hegazkinek aire hartzea galarazten utziko", azpimarratu du, "segurtasun nazionala" lehenetsiko duela hitzeman aurretik.
Gainera, esan du aldebiko harreman ona duela Ruandarekin, eta bertako agintariak egitasmoa aurrera eramateko esfortzua egiten ari direla. Era berean, herrialde segurua dela berretsi du
Hala eta guztiz ere, Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan agertu du kezka neurri horren aurrean, eta gaur bertan, NBEko kontalari batzuek zalantzan jarri dute hegaldi zibilen papera, Nazioarteko Zuzenbidea urra dezaketelako deportazioen "laguntzaile" izaten.
NBEk uste du ez dagoela berme nahikorik migratzaileak nazioarteko protokoloaren arabera tratatuko dituztela ziurtatzeko, torturaren eta tratu txarren kasuan, besteak beste.
Ruandak herrialde segurua dela ziurtatu du, Erresuma Batutik datozen migratzaile irregularrentzat
Yolande Makolo Ruandako Gobernuko bozeramaileak txalotu egin du legea onartu izana, eta Afrikako herrialdean dauden eta bertara iritsiko diren "130.000 errefuxiatu baino gehiagoren" segurtasuna bermatu du.
"Gogor lan egin dugu azken 30 urteetan Ruanda herrialde segurua izan dadin bertakoentzat", adierazi du Makolok komunikatu batean.
Bozeramaileak Ruandako Gobernuak Erresuma Batuarekin Migrazio eta Garapen Ekonomikorako duen "konpromisoa" eta "Ruandan birkokatutako migratzaileei ongietorria emateko" nahia azpimarratu ditu.