Itxi

PRENTSA ASKATASUNA

Erakunde politikoak bilakatu dira prentsa askatasunaren kontrako mehatxu nagusia, RSFren arabera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Herrialde eskandinaviarrak dira, Norvegia, Danimarka eta Suedia tartean, kazetaritza askatasunez egiteko onenak. Zerrendaren azken postuetan ageri dira, ordea, Siria, Afganistan eta Txina. Espainiak eta Frantziak euren postuak hobetu dituzte.

Emakume bat Gazan eraildako kazetari baten kartela eusten. EFE

Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF, ingelesez) erakundeak ohartarazi duenez, erakunde politikoak bilakatu dira prentsa askatasunaren mehatxu nagusiak. Elkarteak salatu du gero eta gehiago direla "kazetaritza egiteko libertatea bermatzeko betebeharra urratzen" duten gobernu eta agintariak. Hala, nabarmen egin dute okerrera komunikabideekiko errespetuak eta autonomiarako eskubideak. 

Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta horren harira kaleratu du RSFk bere urteroko zerrenda. Munduko herrialdeen prentsa askatasuna bost adierazleren arabera neurtu du gobernuz kanpoko erakundeak: adierazle politikoa, ekonomikoa, lege esparrua, egoera sozio-kulturala eta kazetarien segurtasuna. Bada azken urtean, adierazle politikoak behera egin du ia herrialde guztietan, baita sailkapenaren buruan ageri diren horietan ere. 

"Hedabideen autonomiarekiko errespetuak eta babesak okerrera egin du, eta gora egin dute Estatuek edo bestelako agente politikoek egiten dituzten presioak", azaldu dute. 

Herrialde eskandinaviarrak —Norvegia, Danimarka, Suedia, Islandia eta Finlandia— daude zerrendaren goialdean; gune hortik kanpo, deigarria dira Portugalek eta Irlandak erdietsitako zazpigarren eta zortzigarren postuak. Antzinako demokraziek, Erresuma Batuak eta AEBk, emaitza kaskarragoak lortu dituzte (23. eta 55. postua, hurrenez hurren).

Espainiak bere egoera hobetu du azken urtean, 36. postutik 30.era igarota. Dena dela, adierazle politikoak txarrera egin du, hiru puntu. Frantzia ere antzera, 24.etik 21.era "jaitsita". 

Ifrentzuan, Afganistan eta Siria daude zerrendaren azkenengo postuetan. Lehenengoari buruz, gobernuz kanpoko erakundeak dio talibanek "kazetaritza erreprimitzen" jarraitzen dutela. RSFren arabera, Siria "legerik gabeko eremua" bilakatu da hedabideentzat, eta inon baino kazetari gehiago atxilotzen dituzte. Eritrea da, dena den, sailkapeneko azkena. 

Gerrak eta hauteskundeak

Gerra da prentsa askatasuna kinka larrian jartzen duen egoeretako bat, eta testuinguru horretan Gazako kontrako ofentsiba aipatu du erakundeak, bereziki Israelek egindako triskantza. 

Txostenak gogora ekarri duenez, Israelen bonbardaketek 34.400 pertsona hil dituzte, gehienak haur eta emakumeak. Horrez gain, 100 bat kazetari zendu dira, 20 bat jardunean zirela. 

Errusiak Ukrainan egindako inbasioa ere aipatu du RSFk. Kasu honetan, ez du eraildako kazetarien kopuruaz ohartarazi, baizik eta Errusiak eta Bielorrusiak Europa Ekialdeko eta Asia erdialdeko herrialdeen gainean egindako informazioaren kontrola. 

Gobernuz kanpoko erakundearen aburuz, Bielorrusiaren zentsurak gora egin du Georgian, Kirgizistan eta Azerbaijanen. "Errusiaren eragina Serbiara arte heltzen da, eta bertako komunikabideek Errusiako propaganda aireratzen dute, eta erbestean dauden kazetariak mehatxatzen dituzte agintariek", salatu du RSFk. 

Gatazkez harago, Mugarik gabeko Kazetariek 2024an zein 2023an izandako hauteskunde kopuru handia nabarmendu dute, eta horietan gobernuek egindako presioak salatu. "Iaz, bereziki Hego Amerikan, euren burua prentsa askatasunaren kontrako harrapakaritzat duten politikariak heldu ziren boterera". 

Adibide gisa, Argentinako kasua jarri du RSFk, eta Javier Mileiren lehen erabakietako bat kritikatu. Telam, Argentinako albiste agentzia handiena, itxi zuen presidenete argentinarrak. Turkia ere aipatu du gobernuz kanpoko erakundeak, "urtez urte postuak galtzen dituen herrialde gisa". 

Bestalde, Txina eta Vietnam sare sozialak kontrolerako erabiltzen dituzten herrialdeak direla uste du erakundeak, eta horretarako hainbat bide erabiltzen dituzte: albisteak argitaratzeagatik kazetariak kartzelatzea, plataformetara sarbidea mugatzea edo edukiak ezabatzea.