Prentsa askatasuna
'#FreePabloGonzalez' plataformak gogorarazi duenez, "ez dago prentsa askatasunik kazetari askerik gabe"
Eriz Lotina | EITB Media
Euskal kazetariak 796 egun daramatza behin-behineko espetxealdian, eta isolatuta. Joan den otsailean bi urte egin zituen atxilotuta Polonian. Hilabete bereko 15ean, Lublingo Apelazio Auzitegiak kartzelaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen.
"Gaur prentsa askatasunaren nazioarteko eguna da. Baita Pablo Gonzalez kazetariak behin-behineko espetxealdian ematen duen 796. eguna ere, isolatuta. Ez dago prentsa askatasunik kazetari librerik gabe", gogorarazi du #'FreePabloGonzalez' plataformak X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
Joan den otsailean bi urte bete zituen euskal kazetariak Polonian atxilotuta. Hilabete bereko 15ean, Lublingo (Polonia) Apelazio Auzitegiak kartzelaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen.
Horrela, auzitegiak zortzigarren aldiz luzatu zuen kazetariaren atxiloketa, eta oraingoz ez dago epaiketarako datarik. Gainera, ez dute bere aurkako akusazio zehatzik egin.
2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Errusiak Ukraina inbaditu eta lau egunera, Errusiaren inteligentzia militarrerako espioitza lanak egitea leporatuta, Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatuen krisiaren berri ematen ari zenean.
Orduz geroztik, Mugarik Gabeko Berriemaileek (RSF), Amnistia Internazionalak eta kazetaritza-sektoreko beste elkarte batzuek aske uztea eta giza eskubideak errespetatzea eskatu dute. Kazetariaren senide, lagun eta lankideek, gainera, '#FreePabloGonzalez' plataforma sortu zuten bere askatasunaren alde "borrokatzeko".
EITBko enpresa-batzorde guztiek deituta, Euskal Irrati Telebistako beharginek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Bilboko egoitzaren sarreran, euskal kazetariak bizi duen egoera beste behin ere salatzeko, "Justizia, giza eskubideak eta prentsa-askatasuna. #FreePabloGonzalez" lelopean. Deitzaileen arabera, Pablo Gonzalezen egoerak "guztiz zalantzan jartzen ditu giza eskubideak eta prentsa askatasuna Europako herrietan".
Elkarretaratzea gaur arratsaldean, EITBren Bilboko egoitzan. Irudia: eitb.eus