Itxi

Gaza, erasopean

Kairo utzita, Qatarren kontsultatuko du Hamaseko negoziazio ordezkaritzak jasotako azken proposamena

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Israelgo Defentsa ministroaren esanetan, Hamasek bahituak askatzeko akordiorik ez duela nahi dirudi, eta, hortaz, "etorkizun hurbilean" has liteke Rafahren kontrako erasoaldia.

Gaza. Argazkia: EFE

Hamas mugimenduaren negoziazio taldeak Kairo utzi du gaur, igandearekin, eta Qatar aldera joan da, han kontsultatuko baitu zuzendaritzarekin balizko su-etena egiteko eta bahituak eta presoak trukatzeko egin dioten azken proposamena, Al Jazira telebista-kateak iturri palestinar bat aipatuta jakinarazi duenez.

Horrela, Egiptoko hiriburutik alde egin du Hamaseko ordezkaritzak, bi egunez negoziatzen aritu ostean. Dirudienez, bahituak askatzearen truke Gazako Zerrendan Israelek hasitako erasoaldia bukatzeko Hamasek egindako eskariak gelditu du negoziazioa.

Hamasen buru politiko Ismail Haniyehren arabera, "akordio oso bat" lortzeko asmoarekin jarraitzen du bere taldeak, gerra buka dadin, baina horretarako baldintza gisa jarri dute itunak berehalako su-etena eta tropen irteera bermatzea.

Horregatik, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri aurpegiratu dio "aitzakiak asmatzen" aritzea, "sabotaje" ekintzak aitzakia hartuta. Horren ustez, horrelako mezuek gatazka luzatzea baino ez dakarte. Hamas, bitartean, negoziazioak errazte aldera, "malgutzen" ari dela esan du.

Netanyahuk, bere aldetik, ohartarazi duenez, ez dute bahituak askatzearen truke gerraren amaiera onartuko, ezta Hamas "bere horretan" utziko duen itunik ere. Zentzu horretan, argi utzi du Hamas dela Gazako Zerrendan egiten ari diren erasoaldiaren helburu nagusienetako bat.

Israelek uste du Hamasek ez duela azken proposamena onartuko 

Azken bi egunetako hizketaldiak bukatuta, Israelgo Defentsa ministro Yoav Galanten esanetan, Hamasek bahituak askatzeko akordiorik ez duela nahi dirudi, eta, hortaz, "etorkizun hurbilean" has liteke Rafahren kontrako erasoaldia.

"Helburu garbiak ditugu guda honetan: Hamas desagerraraztea eta bahituak askatzea", azaldu du. "Epe mugatu bat eman dugu negoziatzeko, ekintza armatuak aldi baterako utzita. Horrekin bahituak askatzea erraztu nahi genuen", azaldu du, The Times of Israel egunkariak zabaldu duenez.

Albisteak (1)