Itxi

GAZA, ERASOPEAN

Israelek ebakuazioa agindu du Rafahn, Armadaren berehalako inbasio baten aurrean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Israelen erasoetatik Zerrendako beste leku batzuetatik ihes egin duten milaka palestinarren azken babeslekuetako bat da Rafah. Ebakuazio aginduak 100.000 pertsona ingururi eragingo lieke, eta Hamasek dio gazatarren erantzuna "mugatua" izaten ari dela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Rafahko hirian bizi diren 100.000 bizilagunei ebakuatzeko deia egin die Israelek, Armadak zonaldean egin dezakeen operazio baten aurrean. Hiria uzteko gomendioa mezuen eta panfletoen bitartez jaso dute gazatiarrek, gaur goizean Israelgo Armadak jakitera eman duenez.

"(Israelgo Armada) gaur egun bizi zaren eremuan erakunde terroristen aurka indarrez jarduteko zorian dago. Inguruan egoteak norberaren burua arriskuan jartzen du. Zure segurtasuna dela eta, berehala atera zaitez Al Mawasiko eremu humanitariora ", dio zabaldutako panfletoetako batek.

Gazako Zerrendako Hamasen Gobernuak adierazi duenez, oraingoz "mugatua" izan da gazatarren erantzuna ebakuazio aginduari dagokionez: "Herritarren erantzun mugatua ikusi dugu sionisten ebakuazio aginduei dagokienez, eta Rafahko erakundeek beti bezala jarraitzen dute lanean".

Zehazki, martxan jarraitzen dute Rafahko Egiptorekin muga egiten duen pasabideak eta Abu Yusef al Nayar ospitaleak, eremu horretan martxan jarri duten bakarrenetakoak, biak ere Armadak ebakuazioa agindu duen eremuan.

Philippe Lazzarini errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziako (UNRWA) zuzendariak esan du bere agentziak eta beste hainbat bazkidek ere ez dutela agindua beteko, eta "laguntza kritikoa" ematen jarraituko dutela Rafahn, "ahalik eta denbora gehien".

Bere aldetik, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez, "milaka" pertsona Rafahtik ateratzen hasi dira: "Milaka herritar ateratzen ari dira okupazioak hiriaren ekialdeko hainbat eremuri eraso militar bat egiteko asmoa zutela jakinarazi ostean".

Erakundeak salatu duenez, gainera, Israelen iragarpenarekin batera, Armadak bonbardaketak ugaritu egin ditu ebakuatzeko ohartarazpena egin duten guneetan.

Azkenik, Palestinako Ilargi Gorriak bat egin du gainerako erakunde humanitarioekin, Rafahko inbasio batek, Israelgo Armadak aurreikusi bezala, "hondamendi humanitarioa" ekarriko duela ohartarazteko.

Israelgo Armadak gaur goizean online emandako prentsaurreko batean esan duenez, ebakuazioa "Hamas desegiteko eta bahituak bueltan ekartzeko" beste saiakera baten ondorio da, eta, aldi berean, biztanleria zibila "arriskutik kanpo" uzteko. Hala ere, ez du zehaztu herritarrek zenbat denbora duten nahitaezko ebakuazio horri men egiteko.

Ildo horretan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo berretsi zuen Israelek ez diola amaiera emango Gazako gerrari, nahiz eta Hamasekin aldi baterako su-eten akordio bat egon, eta hainbat hilabetez Rafahn martxan jarraitzen duten talde islamistaren batailoiak suntsitzeko "beharra" aipatu zuen.

Bestalde, Hamasek Israeli leporatu dio Kairoko negoziazioetan "modu engainagarrian" parte hartzea, Rafah lurretik erasotzeko asmoa alde batera utzi gabe. Bertan 1,4 milioi palestinar bizi dira, gehienak gerraren ondorioz desplazatuak.

"Armadak okupazioari buruz egindako iragarpen honek palestinarren negoziazio-jarreraren zuzentasuna berresten du, baita erasoaren amaiera (iraunkorra) ziurtatzeko beharra ere, presoen trukea osatzeko oinarrizko baldintza gisa", adierazi dute agintari gazatarrek.

Kerem Shalomeko mugako pasabidea irekiko du Israelek, Gazara laguntza humanitarioa sartzeko

Joe Biden AEBko presidenteak bere "jarrera argia" berretsi dio Netanyahuri Rafahren lurreko inbasioaren inguruan, eta Washingtonek horren aurka egingo duela gogoratu dio, zibilak ebakuatzeko plan eraginkor bat egon arte. Bitartean, baina, Israelgo lehen ministroak Kerem Shalomeko mugako pasabidea irekitzea erabaki duela iragarri dio Bideni, laguntza humanitarioa Gazara iristeko.

Albisteak (1)

Bideoak (1)