Errusia
Errusiak arma nuklearrekin maniobra militarrak egingo ditu, Mendebaldearen "mehatxuei" erantzunez
Agentziak | EiTB Media
Ukrainarekin muga egiten duen Hegoaldeko Barruti Militarrak egingo ditu ariketak, eta hegazkinek eta armadak ere parte hartuko dute. Medvedevek ohartarazi du "mundu mailako hondamendia" iritsiko dela mendebaldeko tropak Ukrainara eramaten badituzte.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak arma nuklear taktikoekin maniobra militarrak egiteko agindu dio herrialdeko armadari epe motzean, Errusiako Defentsa Ministerioak astelehen honetan jakinarazi duenez. Ministeriotik zehaztu dute erabakiak zerikusia duela Mendebaldetik egindako "mehatxuekin".
Misilekin egindako ariketa horiek Ukrainarekin muga egiten duen Hegoaldeko Barruti Militarrak egingo ditu, eta hegazkinek eta armadak ere parte hartuko dute.
Defentsa Ministerioaren arabera, helburua Errusiaren lurralde batasuna eta subiranotasuna "baldintzarik gabe" bermatzea da, "mendebaldeko agintari batzuek Errusiaren aurka egindako mehatxuei eta probokazioei erantzunez".
Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak, bere aldetik, gaur prentsaurrean zehaztu du ariketa militarrak Emmanuel Macron Frantziako presidentearen adierazpenei erantzuteko egingo dituztela.
The Economist agerkariari egindako adierazpenetan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du baztertu NATOko soldaduak Ukrainara bidaltzea.
Ildo horretan, Peskovek uste du adierazpen horiek ez dutela aurrekaririk, tentsioak gora egin duela eta horregatik arreta mantendu ez ezik, neurri bereziak hartu behar direla.
Errusiak Frantziako eta Erresuma Batuko enbaxadoreak deitu ditu
Bien bitartean, Pierre Levy Frantziako enbaxadorea eta Nigel Casey Erresuma Batukoa deitu ditu Errusiako Atzerri Ministerioak Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko diplomaziaren buruak Ukrainako gerraz egindako adierazpenen harira.
Errusiak esan du arriskutsua dela Parisek eta Londresek Ukrainako gerrari buruz "adierazpenak gogortu" izana, eta ohartarazi du mehatxua direla Europako segurtasun guztiarentzat.
"Adierazpenak gogortzen ikusten ditugu ordezkari ofizialak. Horixe ikusten dugu estatuburuen kasuan, Frantzian adibidez, eta adituetan ere, Erresuma Batuarenean", adierazi du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak.
Peskovek Emmanuel Macronek tropak Ukrainara bidaltzeaz egindako adierazpenak eta Cameronek ukrainarrek arma britainarrak Errusiari aurre egiteko erabiltzeko duten eskubideaz egindakoak aipatu ditu.
Bestalde, Dimitri Medvedev Errusiako presidente ohi eta Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak ohartarazi du mendebaldeko tropak Ukrainara bidaltzea gerran "zuzenean sartzea" izango litzatekeela, eta erantzun egin beharko luketela, baina "ez Ukrainako lurretan".
"Kasu horretan, horietako inor ezingo da ezkutatu ez Kapitolioan, ez Eliseoan, ez Downing Streeteko 10.ean. Mundu mailako hondamendia iritsiko da", azpimarratu du Medvedevek Instagramen.