Itxi

Italiako telebistako greba

Italiako telebista eta irrati publikoetako kazetariak, "zentsura saiakeren" aurka greban

Eitb Media | Agentziak

Leer en Castellano

"Nahiago dugu egun bateko edo gehiagoko soldata galdu, gure askatasuna galdu baino, zerbitzu publikoaren askatasuna eta autonomia guztion balioa dela sinetsita. Eta RAI guztiona da ", esan dute langileek.

Giorgia Meloni, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

RAI Italiako telebista eta irrati publikoetako kazetariek 24 orduko greba deitu dute gaurko, euren jardunean "autonomia eta independentzia defendatzeko" eta "politikarien kontrola eta zentsura saiakera" salatzeko.

Hainbat astetako protesten ostean etorri da lanuztea, eta "kontrol itogarria" jasaten ari direla esan dute langileek. Azaldu dutenez, Giorgia Meloni Italiako lehen ministro ultraeskuindarraren Gobernuaren "bozgorailu" izateko presioek marra gorri guztiak gainditu dituzte. Salaketa horrekin bat egin du oposizio politikoak. Hedabidearen zuzendaritzak, bere aldetik, "albiste faltsuak" zabaltzea leporatu dio Usagrai sindikatuari.

Langileek zabaldutako oharrak dionez, "bakarrizketa bat zentsuratzen saiatu zen RAI apirilaren 25ean, eta ondoren, aitzakia ekonomikoak jartzen saiatu", Antonio Scurati idazleari jarritako betoari erreferentzia eginez.

"Nahiago dugu egun bateko edo gehiagoko soldata galdu, gure askatasuna galdu baino, zerbitzu publikoaren askatasuna eta autonomia guztion balioa dela sinetsita. Eta RAI guztiona da ", gaineratu dute langileek. Hala ere, enpresak nabarmendu du  "langileen eskubideekin zerikusirik ez duten arrazoiak daudela grebaren atzean". Hala, "arrazoi ideologikoak eta politikoak" aipatu ditu.

Italiako Prentsaren Federazio Nazionalak (FNSI) "oso larritzat" jo du "albiste faltsuak" zabaltzearen akusazioa, eta "ehunka lankide gutxiestea" leporatu die RAIren arduradunei.

Scuratirena da Meloniri zentsura edo hedabide publikoak bere mesedetan erabiltzea leporatu dioten azken kasua. Beste adibide bat, Fabio Fazio kazetariarena da; lau hamarkadan erreferentziazko aurkezlea izan ondoren, kate publikoa uztea erabaki zuen, jasotako presioengatik. Hauteskunde-kanpainan alderdi bakoitzari telebistan zein irratian dagokion denbora tartea arautzen duen legea ere moldatu du zuzendaritza berriak; horren arabera, denbora mugak ezabatu egin dira.