GAZA, ERASOPEAN
Israelek Rafahko beste hamar eremu ebakuatzeko agindua eman du
agentziak | eitb media
"Eremu horietan geratzen direnek arriskuan jartzen dituzte euren familiak eta euren burua", ohartarazi dute militarrek. NBEko agentziek jakinarazi dute bihar, igandea, elikagairik gabe geratuko direla.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Israelgo Armadak Rafahko beste hamar eremu ebakuatzeko deia egin die herritarrei, eta hiriaren mendebaldera joateko aukera eman die. Gainera, Jabaliako eta Beit Lahiako zenbait auzo ere jendez husteko eskatu die.
Egiptoko mugako pasabidearen ondoan dauden sektoreei eragiten die aginduak. Armadak herritarrei esan die borroka eremu arriskutsuan daudela, Hamaseko miliziak "eskualdean indarberritzen saiatzen" ari direlako.
"Eremu horietan geratzen direnek arriskuan jartzen dituzte euren familiak eta euren burua", ohartarazi dute militarrek.
Gaza hegoaldeko hirian elkartu dira Israelen bonbardaketetatik ihesi Palestinako beste leku batzuetatik iritsitako milaka eta milaka herritar. Orain, Rafahren aurkako erasoaldian, 110.000 pertsonak berriro egin behar izan dute ihes babeslekuetatik, UNRWA Nazio Batuen Erakundeko agentziak jakinarazi duenez.
Israelgo Armadak esan du herritarrak garaiz ohartarazi dituela, baina NBEko arduradunek uste dute Israelek "ebakuazio agindu" gisa jotzen dituenak behartutako desplazamenduak direla, eta horiek nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak dira.
Bahitutako britainiar-israeldar baten heriotza iragarri du Hamasek
Bideo batean, Hamasek iragarri du bahituta zeukan Nadav Popplewell britainiar-israeldarra hil egin dela, duela hilabete Israelek egindako eraso batean jasotako zauri larrien ondorioz.
80 gorpu aurkitu dituzte hiru hobi komunetan
Defentsa Zibileko agintariek eta Gazako Zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi dute 80 gorpu aurkitu dituztela Gaza hiriko Shifa ospitalearen inguruan dauden hiru hobi komunetan.
NBEko agentziak elikagairik gabe geratu dira
Nazio Batuen Erakundearen Giza Gaien Koordinaziorako Bulegoak ohartarazi du bihar, igandea, elikagairik gabe geratuko dela. Hartara, ezingo dute Gaza hegoaldean janaririk banatu, kamioiek bertara iristeko traba handiak dituztelako.
Arian-arian iritsi da laguntza gerra hasi zenetik, batez ere azken egunetan, Israelek Rafahren alde palestinarra kontrolpean hartu duenetik Egiptoko mugan.
Egiptok ez du Israelekin Rafahko pasabidea koordinatuko
Bestalde, Egiptok ez ditu Israelekin Rafahko pasabideko lanak koordinatuko, Gaza hegoaldean israeldarrak egiten ari diren "eraso onartezinen" aurrean protesta egiteko.