UKRAINAKO GERRA
Ukrainari babes militarra emateko akordioa sinatuko dute Zelenskik eta Sanchezek, Kongresutik pasa gabe
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Datarik zabaldu ez bada ere, epe motzean izango omen da bilera Madrilen. Podemos akordioaren aurka mintzatu da, "gerra areagotzen" lagunduko duelako eta ez duelako "bakea lortzeko ezertan" lagunduko.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Madrilera joango da datozen egunetan, eta aldebiko segurtasun akordioa sinatuko du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruarekin. Data zehatzik eman ez bada ere, laster izango omen da bilera.
Maiatzaren 7an telefonoz hitz egin zuten Sanchezek eta Zelenskik eta elkarrizketa horretan, Espainiaren babesa bermatu zion Espainiako presidenteak ukrainakoari, "beharrezkoa den denbora guztian". Era berean, Espainiaren eta Ukrainaren arteko segurtasun akordioaren aurrerapenei buruz hitz egin zuten: Ukrainak Espainiaren laguntza militarra bermatu nahi du; baita, orain arte bezala, armamentuz hornitzea eta Ukrainako tropak trebatzea ere, eta hori guztia epe luzera, gutxienez NATOn eta EBn behin betiko sartu arte, alegia.
Urrian Granadan izan zen Zelenski, Europako Komunitate Politikoaren goi-bileran parte hartzeko. Bertan, Sanchezekin biltzeko aprobetxatu zuen eta honek laguntza militar gehiago emango ziola agindu zion, aireko sistema antiaereoak eta antidroiak, energia-ekipamenduak etab.
Akordioa ez da Kongresutik pasatuko
Akordioa Ministroen Kontseiluak onartuko du, baina ez da Kongresuan berretsi beharko, ez baitu nazioarteko tratatuaren legezko kategoriarik, iturri diplomatikoen arabera.
Ukrainak antzeko akordioak sinatu ditu beste herrialde batzuekin, hala nola, Erresuma Batuarekin, Alemaniarekin, Frantziarekin edo Italiarekin.
Podemos sinaduraren aurka dago
Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkariak adierazi du Sanchezek akordio horren aurka dagoela, "gerra areagotzen" laguntzen duela argudiatuta.
Hala adierazi du El Pais egunkariak eta Radio Nacional de Españak gaur goizean argitaratutako informazioaren ostean emandako prentsaurrekoan. Gaineratu duenez, Ukrainari armamentu hornidura handiagoa bermatzeak "ezertan" ez du lagunduko bakea lortzen, armagintzari bakarrik egingo dio mesede eta Ukrainako herriaren "mina eta sufrimendua" areagotuko du.