Itxi

Txina - Errusia

Xi Jinping eta Vladimir Putin Ukrainako gerrari "konponbide politikoa" ematearen alde agertu dira

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Txinako eta Errusiako presidentea Beijingen bildu dira, agintari errusiarra Asiako herrialdera egiten ari den bi egunetako estatu bisitan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Xi Jinping Txinako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak bilera egin dute gaur Beijingen, eta bi aldeak Ukrainako gerrari "konponbide politikoa" ematearen alde daudela azpimarratu du agintari txinatarrak ondorengo prentsaurrekoan.

Gatazka horren aurrean erakutsitako anbiguotasunagatik Mendebaldeak Txinari egindako kritiken inguruan galdetuta, bere jarrera "koherentea eta argia" dela erantzun du. Ildo horretan, Nazio Batuen Gutunaren helburuak eta printzipioak bete eta estatuen subiranotasuna eta lurralde osotasuna errespetatu behar direla azpimarratu du. Hala ere, segurtasun alorrean alde guztiek dituzten kezkak errespetatzeko eskatu du, Errusiari erreferentzia eginez.

Europak "bakea eta egonkortasuna" berreskuratzea espero du Txinak eta ildo horretan, orain arte bezala, Asiako erraldoiak "eginkizun eraikitzailea" izango duela nabarmendu du.

Gaur gaurkoz, Asiako erraldoiak ez du Ukrainako inbasioa gaitzetsi eta behin birritan ukatu du Errusiarekin lotura militarrak izatea. Aldi berean, alde guztiek onartutako konferentzia bat egitea eskatu izan du, elkarrizketari ekiteko.

Bestalde, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari amaiera emateko bi estaturen konponbidea defendatu dute Xik eta Putinek. Presidente txinatarrak azaldu duenez, biek ala biek "osoa premiazkoa" jotzen dute gatazka konpontzea eta Nazio Batuen ebazpenak ezartzea.

Txinako eta Errusiako agintariek bi herrialdeen arteko harreman estrategikoak sakontzeko dokumentua sinatu dute, Putin Asiako herrialdera egiten ari den bi eguneko estatu bisitaren baitan.

Bideoak (1)