ESLOVAKIA
Nor da Juraj Cintula, Eslovakiako lehen ministroaren ustezko erasotzailea?
EITB MEDIA
Poliziaren arabera, Juraj Cintula 71 urteko idazle eslovakiarra da erasoaren egilea. Bere sare-sozialetan, oso kritiko agertu izan da azken hilabeteotan Ficoren politika eskuindarrekiko.
Larri, baina arriskutik kanpo dago Roberto Fico Eslovakiako lehen ministroa, atzo kale erdian bost tiro jaso ondoren. Informazio gutxi zabaldu dute gertakariaren inguruan, baina atentatuaren ustezko egilearen identitatea berehala eman zuen jakitera bertako Poliziak: Juraj Cintula, 71 urteko idazle eslovakiarra.
Antza, hilabeteak zeramatzan Cintulak bere sare-sozialetan Ficoren politika eskuindarren kontrako mezuak zabaltzen. Atxilotu berritan ere, Poliziak zabaldutako bideo batean, argi azaldu zuen Gobernuaren politiken kontra zegoela.
Levice hirian jaiotakoa, hiru poesia-bilduma eta bi liburu idatzita ditu. 2015etik, Eslovakiako Idazleen Elkarteko kidea da, eta literatura talde baten sortzailea ere bada.
Duela zortzi urte, Indarkeriaren kontrako Mugimendua izeneko ezkerreko talde politiko bat sortzeko asmoa agertu zuen sare-sozialetan, lortu ez bazuen ere. "Indarkeria herritarren erreakzio bat izan ohi da sarritan, momentuko egoerak sortutako egonezak eragindakoa. Haserre azal gaitezke, baina ez bortitz", esan zuen orduan.
Antza, armak erabiltzeko baimena zuen, duela urte batzuk enpresa pribatu batean segurtasun-zaintzan lan egindakoa baita.
Iazko urrian itzuli zen lehen ministro kargura Rico, laugarren urtez hauteskundeak irabazi eta gero. Errusiaren aldeko eta migrazioaren kontrako diskurtso nazionalista muturrekoa agertu izan du beti, eta horrek herrialdearen polarizazioa eragin du. Azken hilabeteotan, lehen ministroaren zenbait erabakiren kontra —tartean, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltza eta RTVS hedabide publikoa ixtea— protesta jendetsuak egin dira Eslovakian.