Erasoa
Hiru turista katalan hil dituzte Afganistanen
Agentziak | EITB Media
Erasoa Bamyanen egin dute, Afganistan erdialdeko izen bereko probintziaren hiriburuan. Talibanen Gobernuak jakinarazi duenez, lau pertsona atxilotu dituzte. Espainiak itxita du Kabulen duen enbaxada 2021eko abuztutik, eta Atzerri Ministerioak "Afganistanera inola ere ez bidaiatzea" gomendatzen du.
Hiru turista katalan hil eta beste zenbait (Norvegiakoak, Lituaniakoak eta Australiakoak) zauritu dituzte Afganistanen izandako atentatu batean, Kataluniako Gobernuak baieztatu duenez. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua "hunkituta eta harrituta" azaldu da X sare sozialean. Hiru afganiar eta lau atzerritar zauritu dira erasoan.
Erasoa Bamyanen jazo da, Afganistan erdialdeko izen bereko probintziaren hiriburuan.
Espainiako Atzerri Ministerioak baieztatu du Afganistanen izandako atentatuan espainiar herritartasuna duten pertsonak daudela, eta ahalik eta informazio gehien biltzeko eta biktimak artatzeko lanean ari dela.
Ministerioko iturriek azaldu dutenez, EBrekin elkarlanean ari dira, eta larrialdi kontsularreko unitatea erabat mobilizatu dute.
Abdul Matin Qani Afganistango Barne Ministerioko bozeramaileak ere baieztatu ditu heriotzak.
"Zoritxarrez, tiroketa bat izan da gaur arratsaldean Bamyan hirian, eta hiru atzerritar hil dira bertan", esan du bozeramaileak. Afganistango Gobernuak "gogor gaitzesten du erasoa, biktimen familiei atsekabe sakona adierazten die eta kriminal guztiak aurkitu eta zigortuko dituztela ziurtatzen du", erantsi du.
Nabarmendu duenez, "Emirerri Islamikoko segurtasun indarrek hiltzaileak bilatzeko lanak abiatu dituzte, eta lau pertsona atxilotu dituzte jada erasoarekin lotuta".
Davant el tràgic assassinat de tres ciutadans catalans a l'Afganistan, estem en contacte amb totes les autoritats per fer l'acompanyament a la resta d'afectats i a les famílies.
— Pere Aragonès i Garcia ¿ (@perearagones) May 17, 2024
Catalunya està al vostre costat en aquests moments dolorosos i tràgics.https://t.co/sQy7lauBgp
Espainiak itxita du Kabulen duen enbaxada 2021eko abuztutik, talibanek boterea hartu zutenetik. Atzerri Ministerioaren webgunean bidaiatzeko jasotako gomendioetan, "Afganistanera inola ere ez bidaiatzea" gomendatzen du, eta "herrialde osoan bahiketa edo atentatu arriskua dagoela gogorarazten da".
"Gogor gaitzesten dugu Bamiyan (Afganistan) bisitatzen ari ziren turista atzerritar batzuen aurkako eraso armatua. Gure pentsamenduak erasoan hil diren biktimen familiekin eta senideekin eta zaurituekin daude", adierazi du Nabila Massrali EBko Atzerri bozeramaileak ohar batean.
Egile jakinik ez
Oraingoz, inork ez du bere gain hartu erasoa.
Estatu Islamikoa talde jihadista talibanen aurkari nagusi bilakatu da nazioarteko tropak erretiratu ostean haiek boterea bereganatu zutenetik, eta orduz geroztik izandak ia eraso guztien egileak izan dira.
Talibanek behin eta berriz ukatu dute talde armatuak segurtasun arazo izatea, baina Khorasango Estatu Islamikoa herrialdearen egonkortasunerako mehatxu nagusia da.