Atentatua
Diplomazialari espainiarrak Afganistanera bidean dira hildakoak eta zauritua lehenbailehen etxeratzeko
agentziak | eitb media
Zauritua "egoera kritikoan baina kontziente" dago. Hildakoetako bi Bartzelonan eta Terrassan farmazia bana zuten ama-alabak dira. Zazpi pertsona atxilotu dituzte erasoarekin zerikusia dutelakoan.
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak jakinarazi du Pakistanen eta Qatarren dauden Espainiako diplomazialariak datozen orduetan joango direla Afganistanera, atzo atentatu batean hildako hiru turista kataluniarren gorpuak eta "egoera kritikoan baina kontziente" dagoen zauritutako emakumea jasotzera, baita zauritu ez ziren beste bi turista espainiarrei etxeratzen laguntzera ere. Espainiak Afganistanen zuen enbaxadorea dago diplomazialari horien artean, 2021ean enbaxada itxi zenetik Qatarren bizi dena.
"Diplomazialariak behar beste denbora egongo dira han, azken espainiarrak Kabul utzi arte. Batetik, gorpuak aberriratuko ditugu, eta, bestetik, ebakuntza egin zaion pertsonak bidaiatu ahal duen unera arte egongo dira bertan", adierazi du ministro espainiarrak. Senideei bertara ez joateko esan dietela ere jakinarazi du.
Albaresek azaldu duenez, bizirik atera diren turisten arabera, erasoa atzo arratsaldean gertatu zen Bamyango merkatuaren inguruan, gizon bat kale estu batetik agertu eta tiroka hasi zenean. Turistak auto barruan harrapatu zituen tiroketak, eta oso argi dute horien kontrako erasoa izan zela.
Atzerri ministroak ez du gertakariari buruzko xehetasun gehiago eman, eta egileen berririk ez dagoen arren, aitortu du horrelakoak "europarren aurkakoak" izan ohi direla.
"Zauritutako pertsonari dagokionez, medikuen eskuetan gaude etxeratzea noiz eta nola egin daitekeen jakiteko, baina helburua argia da: ahal bezain laster etxeratzea", gaineratu du.
Albarresen arabera, onik atera ziren naziotasun espainiarreko bi turistak ere Espainiaratzeko prestatzen ari dira. Atzerri ministroak espero du "ahalik eta lasterren" izatea hori, "datozen orduetan" edo "bihar (igandea), beranduenez".
Kataluniako Generalitatea Espainiako Gobernuarekin elkarlanean ari da biktimak aberriratzeko prozesuan laguntzen nahiz familiei laguntza psikologikoa ematen.
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE
Kabulgo Espainiako enbaxada 2021etik dago itxita
Albaresek esan du gertatutakoa "basakeria" izan zela, eta, gogorarazi duenez, "gaur egun, Afganistango leku guztiak dira arriskutsuak", eta, hori dela eta, Atzerri Ministerioak "ez du aholkatzen Afganistanera bidaiatzea".
Espainiak Kabulen duen enbaxada 2021eko abuztutik dago itxita, talibanak boterera iritsi zirenetik.
Erasoaren gainerako biktimei dagokienez, hiru afganistandar ere hil zituzten, eta australiar bat eta lituaniar bat zauritu zituzten. Dena den, herrialde horietako gobernuek ez dute oraindik baieztapen ofizialik egin.
Talibanek, bestalde, erasoan parte hartu zuten zazpi susmagarri atxilotu dituztela jakinarazi dute larunbat honetan. Oraingoz, inork ez du bere gain hartu erasoa, baina 2021etik Estatu Islamikoa talde jihadistak egin ditu herrialdean izan diren eraso gehienak.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak "ikerketa abiatzeko lehen eginbideak" bideratu ditu hiru katalanen hilketa dela eta
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ohar batean jakinarazi duenez, "atentatuan hildakoen artean gizonezko bat eta bi emakume espainiar daude, R.B.R. (Gironan jaioa), S.V.B. (Figueresen jaioa) eta E.S.V. (Bartzelonan jaioa)".
Azken biak ama-alabak dira, farmazialariak Bartzelonan eta Terrassan. Joan den asteazkenean, hilaren 15ean, iritsi ziren Afganistanera opor egun batzuk pasatzera, eta atzo, iritsi eta bi egunera, hil zituzten Bamyanen. S.V.B.-k farmazia bat zuen Bartzelonako Sants geltokian, eta 31 urteko alabak Les Arenes farmazia zuen Terrassan.
Hiru hildakoak 13 turistako talde bateko kide ziren. Bezperan iritsi ziren Kabuldik Bamyanera, Asiako herrialdeko turismo-gune nagusietako bat bisitatzera. Zaurituen artean, Norvegiako, Australiako, Lituaniako eta Espainiako herritarrak daudela zabaldu dute Afganistango hedabideek.
Hiru gorpuak Kabulgo Justizia Ministeriora eraman dituzte, aberriratzeko prozesua antolatzeko, bertako agintariek jakitera eman dutenez.
1.500 urte dituen Buda baten hondakinak Bamyanen, Afganistanen. Argazkia: EFE
Talibanek jakinarazi dutenez, oraingoz zazpi dira erasoan parte hartzea leporatuta atxilotutakoak.