Itxi

GAZA, ERASOPEAN

Gantzek babesa kenduko dio Netanyahuri Gazako gerraren osterako egitasmo bat aurkezten ez badu

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ministroak sei puntuko proposamen bat jarri du mahai gainean, eta, besteak beste, bahituen itzulera, Israel iparraldearentzat irtenbide bat eta herrialde arabiarrekin harremanak normaltzeko neurriak jasotzen ditu bertan.

Netanyahuren aurkako manifestazioa, Tel Aviven. Argazkia: EFE

Benny Gantzek (Israelgo Gobernuaren Gerra Kabineteko 'bigarrena') Gazako gerra amaitzen denerako egitasmo bat aurkezteko eskatu dio ekainaren 8rako Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, bestela bere koalizioak, Batasun Nazionaleko Alderdiak, kontzentrazio gobernua utziko duela ohartarazita.

Gantzek sei puntuko proposamen bat jarri du gerra kabinetearen mahai gainean, eta, besteak beste, bahituen itzulera, Israel iparraldearentzat irtenbide bat eta herrialde arabiarrekin harremanak normaltzeko neurriak jasotzen ditu bertan. "Zerbait apurtu da Israelgo buruzagiak egiten ari diren gerraren kudeaketan", esan du prentsaurrekoan.

Gantzen esanetan, urriaren 7ko erasoaren ondoren kontzentrazio gobernuarekin bat egin zutenean, "norabide koherentea zegoen eta akatsak saihestu ziren", baina "orain zerbait gaizki doa". "Ez dira ezinbesteko erabakiak hartu. Ez dira garaipena bermatuko luketen erabakiak hartu. Gutxiengo batek hartu du Israelen itsasontziaren gidaritza eta arroka murru baterantz bideratu du", adierazi du.

Horregatik, "Israelek norabidea aldatu behar du hemen eta orain". "Soldadu israeldarrek frontean ausardia izugarria erakusten duten bitartean, borrokara bidali zituztenetako batzuek koldar eta arduragabe jokatzen dute", salatu du.

"Bahituak Gazako tuneletako infernuan dauden bitartean, noraezean murgiltzen ari direnak daude. Israeldarrek ahal duten guztia egiten duten bitartean, politikari batzuek euren buruan soilik pentsatzen dute", gaineratu du.

Bien bitartean, larunbat honetan manifestazioak egin dituzte Gazako Zerrendan bahituta daudenen itzulera eta Netanyahuren dimisioa eskatzeko.

Hauteskundeak aurreratzeko eskaerak nazioarteko ekitaldi itxura hartu du Tel Aviven; izan ere, bahituta dauden herritarren 132 herrialdeetako banderekin atera dira kalera.

800.000 desplazatu baino gehiago

Bestalde, Philippe Lazzarini UNRWAko ordezkari nagusiak salatu du jada 800.000 palestinar (Gazako Zerrendako biztanleriaren erdia) direla maiatzaren 6tik, Rafahren aurkako erasoaldia hasi zenetik, lekualdatu beharra izan dutenak.

Albisteak (2)