Itxi

Atentatua

Diplomazialari espainiarrak iritsi dira Afganistanera, eta turistetako batek etxerako bidea hartu du jada

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Zauritua "egoera kritikoan baina kontziente" dago. Hildakoetako bi Bartzelonan eta Terrassan farmazia bana zuten ama-alabak dira. Zazpi pertsona atxilotu dituzte erasoarekin zerikusia dutelakoan.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroa. Argazkia: EFE

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak larunbatean adierazi duenez, bi turista espainiar daude Afganistango atentatutik onik atera direnen artean, eta litekeena da gaur bertan abiatzea etxera azkena, lehenengoa atzo atera baitzen bertatik.

"Beste bi pertsona, bi herritar espainiar, erabat onik atera dira, eta ahalik eta lasterren aterako dira herrialde hartatik, ziurrenik bihar", esan zuen atzo RAC1 irrati katean egindako elkarrizketan.

Pakistanen eta Qatarren dauden Espainiako diplomazialariak iritsi dira jada Afganistanera, ostiraleko atentatuan hildako hiru turista katalanen gorpuak eta "egoera kritikoan baina kontziente" dagoen zauritutako emakumea jasotzera. Espainiak Afganistanen zuen enbaxadorea dago diplomazialari horien artean, 2021ean enbaxada itxi zenetik Qatarren bizi dena.

"Diplomazialariak behar beste denbora egongo dira han, azken espainiarrak Kabul utzi arte. Batetik, gorpuak aberriratuko ditugu, eta, bestetik, ebakuntza egin zaion pertsonak bidaiatu ahal duen unera arte egongo dira bertan", ministroaren hitzetan. Senideei bertara ez joateko esan dietela ere jakinarazi zuen.

Albaresek azaldu zuenez, bizirik atera diren turisten arabera, erasoa Bamyango merkatuaren inguruan izan zen, gizon bat kale estu batetik agertu eta tiroka hasi zenean. Turistak auto barruan harrapatu zituen tiroketak, eta oso argi dute horien kontrako erasoa izan zela.

Atzerri ministroak ez zuen gertakariari buruzko xehetasun gehiago eman, eta egileen berririk ez dagoen arren, horrelakoak "europarren aurkakoak" izan ohi direla esan zuen.

Afganistan, talibanen mende egon arren, gero eta jende gehiago erakartzen duen herrialde arriskutsua

"Zauritutako pertsonari dagokionez, medikuen eskuetan gaude etxeratzea noiz eta nola egin daitekeen jakiteko, baina helburua argia da: ahal bezain laster etxeratzea", gaineratu zuen.

Kataluniako Generalitatea Espainiako Gobernuarekin elkarlanean ari da biktimak aberriratzeko prozesuan laguntzen nahiz familiei laguntza psikologikoa ematen.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE

Kabulgo Espainiako enbaxada 2021etik dago itxita

Albaresek esan zuen gertatutakoa "basakeria" izan zela, eta, gogorarazi zuenez, "gaur egun, Afganistango leku guztiak dira arriskutsuak", eta, hori dela eta, Atzerri Ministerioak "ez du aholkatzen Afganistanera bidaiatzea".

Espainiak Kabulen duen enbaxada 2021eko abuztutik dago itxita, talibanak boterera iritsi zirenetik.

Erasoaren gainerako biktimei dagokienez, hiru afganistandar ere hil zituzten, eta australiar bat eta lituaniar bat zauritu zituzten. Dena den, herrialde horietako gobernuek ez dute oraindik baieztapen ofizialik egin.

Talibanek, bestalde, erasoan parte hartu zuten zazpi susmagarri atxilotu dituztela jakinarazi dute larunbatean. Oraingoz, inork ez du bere gain hartu erasoa, baina 2021etik Estatu Islamikoa talde jihadistak egin ditu herrialdean izan diren eraso gehienak.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak "ikerketa abiatzeko lehen eginbideak" bideratu ditu hiru katalanen hilketa dela eta

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ohar batean jakinarazi duenez, "atentatuan hildakoen artean gizonezko bat eta bi emakume espainiar daude, R.B.R. (Gironan jaioa), S.V.B. (Figueresen jaioa) eta E.S.V. (Bartzelonan jaioa)".

Azken biak ama-alabak dira, farmazialariak Bartzelonan eta Terrassan. Asteazkenean, hilaren 15ean, iritsi ziren Afganistanera, opor egun batzuk pasatzera, eta atzo, iritsi eta bi egunera, hil zituzten Bamyanen. S.V.B.-k farmazia bat zuen Bartzelonako Sants geltokian, eta 31 urteko alabak Les Arenes farmazia zuen Terrassan.

Hiru hildakoak 13 turistako talde bateko kide ziren. Bezperan iritsi ziren Kabuldik Bamyanera, Asiako herrialdeko turismo-leku nagusietako bat bisitatzera. Zaurituen artean, Norvegiako, Australiako, Lituaniako eta Espainiako herritarrak daudela zabaldu dute Afganistango hedabideek.

Hiru gorpuak Kabulgo Justizia Ministeriora eraman dituzte, aberriratzeko prozesua antolatzeko, bertako agintariek jakitera eman dutenez.

1.500 urte dituen Buda baten hondakinak Bamyanen, Afganistanen. Argazkia: EFE

Albisteak (2)