Itxi

ERRESUMA BATUA

Erresuma Batuko Justiziak AEBra estraditatzearen aurkako apelazio baimen berri bat eman dio Assangeri

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

WikiLeaksen sortzaileari 18 espioitza eta pirateria informatikoko karguak leporatzen dizkiote, eta Estatu Batuetan 175 urteko zigorra ezar diezaiokete.

Gaurko epaiketa. Argazkia: EFE.

Londresko Auzitegi Nagusiak Julian Assange Wikileaksen sortzailearen aldeko epaia eman du astelehen honetan. Horri esker, Estatu Batuetara estraditatzeko aginduaren aurka apelatu ahal izango du, bertan milaka dokumentu sekretu zabaltzeagatik hainbat delitu egozten baitzaizkio.

Assangeren defentsak otsailean eskatu zuen kasuaren zatirik handiena inpugnatzea estradizioa saihesteko. Hala ere, kasuaz arduratzen diren epaileek abokatuen argudio gehienak baztertu zituzten, baina Assangeren (52 urte) segurtasunerako bermeak eskatu zizkieten AEBei.

Assangeko ordezkariek ohartarazi dutenez, Joe Bidenen Administrazioak bermeak eskaini arren, AEBko Justiziak legea aplika dezake, "Gobernuak egiten duena edo esaten duena kontuan hartu gabe", Sky News Erresuma Batuko telebista katearen arabera.

Bestalde, AEBko Gobernuaren ordezkariak berretsi duenez, Estatu Batuetako Justiziak "behar bezala hartuko du kontuan bere Gobernuak nazioarteko harremanetan emandako berme hori".

Erresuma Batuko Gobernuak argi berdea eman zion lekualdatzeari 2022ko ekainean, baina Assange, zazpi urte inguru Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan errefuxiatuta egon ondoren, blokeatzen saiatu da. AEBko Espioitza Legea urratzea leporatzen diote, eta 175 urte arteko kartzela-zigorra ezartzeko arriskua dago.

Otsaileko bistetan, Wikileaksen sortzailearen abokatuek zalantzan jarri zuten Estatu Batuetan epaiketa justu bat jaso zezakeenik, eta prozesu horretan oinarrizko askatasunak jokoan daudela aldarrikatu zuten, Assangeren ekintzak kazetaritzaren esparruan sartuko liratekeelako eta babes berezia merezi izango luketelako.