GAZA, ERASOPEAN
UNRWA erakundeak bertan behera utzi du elikagai banaketa Rafahn
AGENTZIAK | ETIB MEDIA
Agentziak ohar bidez esan duenez, bi arrazoi daude banaketa bertan behera uztearen atzean: batetik, elikagaiak falta zaizkie, eta, bestetik, oso arriskutsua da inguru horretara sartzea. Maiatzaren 13tik 19ra laguntza humanitarioarekin soilik 48 kamioi sartu dira Rafahn.
Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) iragarri du bertan behera utzi duela elikagai banaketa Gaza hegoaldeko Rafah hirian, bi arrazoirengatik: hornigaien falta eta segurtasun eza. Rafah ekialdea inguratuta dauka Israelgo armadak, eta hirira sartzeko errepide nagusien kontrola hartuta dute militarrek.
UNRWA erakundeak oharra zabaldu du, bere erabakiaren berri emateko. Bertan azaldu duenez, agentziak Rafahn duen "biltegi eta banaketa zentro nagusira" iristea "ezinezkoa" da egungo egoeran, "Israelen operazio militarraren ondorioz".
Laguntza humanitarioa banatzen ari diren erakunde guztiei eragiten die Israelen operazio militarrak, hirira sartzeko bide nagusienak blokeatuta baitaude. Maiatzaren 13tik 19ra laguntza humanitarioarekin soilik 48 kamioi sartu dira Rafahn. Elikagaien horniketa bakarrik ez, botikena ere geldirik dago azken egunotan, UNRWAk gehitu duenez.
Horrez gain, agentziak Gazako eskualde horretan dituen 24 osasun-zentroetatik 7 bakarrik daude martxan. "Azken hamar egunotan, ez dugu sendagairik jaso, eta materiala agortzen ari da", zehaztu dute idatzian.
Gazako agintarien arabera, iazko urriaren 7an Hamasek Israelen kontrako erasoak egin zituenetik, 35.600 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek.