Itxi

GAZA, ERASOPEAN

Norvegiak eta Irlandak ere Palestinar Estatua aitortuko dute maiatzaren 28an

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Elkarrekin hala adostuta, ia aldi berean iragarri du Norvegiak, Irlandak eta Espainiak Palestina Estatu gisa aitortuko dutela. Berehala etorri da Israelgo Gobernuaren erantzuna, eta jada deitu ditu kontsultara Norvegian eta Irlandan dituen enbaxadoreak.

Simon Harris eta Jonas Gahr Store, gaur.

Espainiako Gobernuak bezala, Norvegiak eta Irlandak ere Palestina Estatua dela aitortuko dute datorren maiatzaren 28an. Hiru herrialdeok elkarrekin adostutako erabakia izan da, eta iragarri ere modu koordinatuan egin dute, ia aldi berean.

Oslon egindako agerraldi batean, 09:00ak jota, Jonas Gahr Store Norvegiako lehen ministroak hedabideen aurrean jakinarazi du berria. "Ekialde Hurbilean ez da bakerik izango, Israelek eta Palestinak euren Estatu propioa ez duten bitartean. Gatazkak duen konponbide bakarra hori da", esan du.

Bide horretan, gehitu du Palestinak zein Israelek "bakoitzak bere Estatuan bakean bizitzeko eskubide osoa" dutela. Ekialde Hurbileko "hondamendia" gelditzea eskatu du, bi aldeek "konfiantza berreskuratu" dezaten.

Ordu beretsuan, Dublinetik egin ditu oso antzeko adierazpenak Simon Harris Irlandako lehen ministroak. "Gaur, Irlandak, Norvegiak eta Espainiak Estatu palestinarra aitortzen dugula iragartzen dugu", azaldu du.

Buruzagi irlandarraren hitzetan, egun "historikoa eta garrantzitsua da Irlandarentzat eta Palestinarentzat". Nazioarteko Zuzenbidearen  ardatzak "askatasuna eta justizia" direla gehitu du, eta horrenbestez, "bake iraunkorraren alde" lan egitea dagokiola bere herrialdeari.

Berehala etorri da Israelgo Gobernuaren erantzuna, eta jada deitu ditu kontsultara Norvegian eta Irlandan dituen enbaxadoreak. Ondorengo orduotan, Espainiako enbaxadorea deitzea ere espero da. "Terrorismoa erabiltzeak emaitzak ekartzen dituela da munduari helarazi dioten mezua", esan du Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak.

Hurrengo iragarpenak

Esloveniak eta Maltak martxoan jakinarazi zuten Estatu palestinarra aitortzeko prest zeudela, "baldintza egokiak"  ematen zirenean.

Gaur, egunik zehaztu ez badu ere, Esloveniako Gobernuak azaldu du "laster" emango duela urratsa. Halaber, Robert Golob lehen ministro esloveniarrak erantsi du datozen egunotan, oraindik Palestinako Estatua aitortu ez duten hainbat herrialderekin hitz egiteko asmoa duela, horiek ere zerrendara batu daitezen.

Maltak, bere aldetik, ez du gaiaren inguruan ezer aurreratu, baina pausoa emateko prest dagoela berretsi du. "Aitortzak gatazkari mesede egingo dionean eta baldintzak egokiak direnean emango dugu urratsa". 

Albisteak (1)