Palestinaren aitortza
Israelek Espainiari debekatu egingo dio Jerusalemen duen enbaxadan palestinarrei zerbitzua ematea
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Gobernuak datorren maiatzaren 28an Estatu palestinarra aitortuko duela iragarri ondoren etorri da Israelen erabakia. Espainiako Gobernuak aurreratu du protesta egingo duela Israelgo Gobernuaren aurrean.
Espainiako Gobernuak Estatu palestinarra aitortzeko iragarpenak lehen ondorioak izan ditu. Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak iragarri du Espainiak Tel Aviven duen enbaxadaren eta palestinarren arteko loturak eteteko agindu duela, eta Jerusalemen duen kontsulatuari debekatu egingo diola palestinarrei zerbitzua ematea. Espainiak Jerusalem ekialdean (lurralde okupatua) duen kontsulatuak enbaxada gisa funtzionatzen du palestinarrentzat.
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean Katzek azaldu duenez, erabakiaren atzean bi arrazoi nagusi daude: batetik, Espainiako Gobernuak Estatu palestinarra aitortzeko erabakia; bestetik, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak egindako adierazpenak.
Espainiak Palestina estatu gisa aitortuko duela iragarri eta biharamunean, Palestina "ibaitik itsasoraino" aske izango dela adierazi zuen bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean. Lelo hori antisemita dela uste du Israelek, mezu horrekin inplizituki bere estatuaren desagertzea aldarrikatzen delakoan.
Maiatzaren 28an Estatu palestinarra aitortuko dute Espainiak, Irlandak eta Norvegiak. Erabakiak Israelen haserrea eragin zuen, eta kontsultara deitu zituen aipaturiko hiru herrialdeetan dituen enbaxadoreak.
Halaber, hiru herrialde horietako ordezkari diplomatikoak bilera batera deitu zituen Jerusalemgo Atzerriko Ministerioan.
Katz ministroak behin birritan ohartarazi du Espainiak, Irlandak eta Norvegiak estatu palestinarra onartzeak "ondorio are larriagoak" izango dituela.
Espainiako Gobernuak protesta egingo du Israelgo Gobernuaren aurrean
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak aurreratu du Espainiako Gobernuak protesta egingo duela Israelen aurrean, erabakiagatik. Halaber, ukatu egin du gobernu espainiarrean "antisemitak" daudela. RAC1 irrati katean egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, Katzek egindako iragarpena aztertuko du Gobernuak, eta "hori horrela bada, protesta egingo dugu".