Itxi

Lan-gatazka

Paris-Orlyko aire-kontrolatzaileen grebak ez du, oraingoz, Euskal Herriko aireportuetan eraginik izan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Grebaren ondorioz, bertan behera geratu dira hegaldien % 70 Paris-Orly aireportuan, Paris-Charles de Gaulle aireportuaren ostean Frantziako hiriburuko bigarren aireporturik handienean.

Paris-Orly aireportua. Argazkia: Arnaud Gaulupeau (Flickr)

Frantzian gaurko deitutako aire-kontrolatzaileen grebaren ondorioz, hegaldien % 70 bertan behera geratu dira Paris-Orly aireportuan, Frantziako Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak (DGAC) jakitera eman duenez.

Frantzian ez ezik, nazioartean ere izan du eraginik grebak, baina, oraingoz, Euskal Herriko aireportuetan ez dago greba honekin lotutako aparteko gorabeherarik

Sare sozialetan duen kontuan, Orlyko aireportuak berak "atzerapen eta kantzelazio ugari aurreikusten ditu" bertatik abiatzekoak ziren zein bertara iristekoak ziren hegaldien artean, eta bidaiariei euren hegaldiaren egoera egiaztatzeko eskatu die, aireportura joan aurretik. Paris-Orly aireportua Frantziako hiriburuko bigarren aireporturik handiena da, Paris-Charles de Gaulle aireportuaren ondoren.

Aire-kontrolaren sektorea berrikusteko neurri osagarri batzuen inguruan akordiorik lortu ezinak bultzatu ditu langileak gaurko lanuztera, baina ez da lehena. Duela hilabete inguru, Frantziako aireportu batzuetan eragina izan zuen aire-trafikoko kontrolatzaileen greba masibo bat izan zen, Frantzian milaka hegaldi bertan behera uztea eragin zuena. 

Gaurkoan, Frantziako aire-kontrolatzaileen sindikatu nagusiak (SNCTA) ez du protestan parte hartu, baina bai gutxiengoa duten UNSA-ICNA eta USAC-CGT sindikatuek.

Auzia konpondu ezean, uztailaren 26tik abuztuaren 14ra bitartean Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetan ere gatazka horren eragina nabarituko dela pentsatzen hasi dira batzuk.