SUSTOA AIREAN
Zortzi pertsona ospitaleratu dituzte Dublinen, Dohatik zetorren hegaldi batean izandako turbulentzien ondorioz
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sei bidaiari eta tripulazioko sei kide zauritu dira Qatar Airwayseko hegazkina Turkia gainetik zihoala, eta horietatik zortzi ospitaleratu behar izan dituzte ibilbidearen amaieran.
Zortzi pertsona ospitaleratu dituzte Dublinen (Irlanda), Dohatik (Qatar) zetorren hegaldi batean zauritu baitira, Dublingo aireportuko bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Sei bidaiari eta tripulazioko sei kide zauritu dira Qatar Airwayseko hegazkina Turkia gainetik zihoala izan diren turbulentzien eraginez, eta horietatik zortzi ospitaleratu behar izan dituzte lur hartu eta gero.
Aireportuko bozeramaileak adierazi duenez, Boeing 787-9 hegazkina garaiz eta modu seguruan lurreratu da Dublingo aireportuan 12:00ak baino pixka bat lehenago, eta bertan zain zituen larrialdi zerbitzuak: "Bidaiari guztiak ebaluatu dituzte hegazkinetik jaitsi aurretik, eta zortzi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte".
"Dohara itzultzeko hegaldia (QR018 hegaldia) arratsalderako programatuta dago, baina atzerapenarekin irtengo da", gaineratu du.
Qatar Airways konpainiak ohar bat kaleratu du hegaldian "bidaiari eta tripulatzaile batzuk arin zauritu" direla jakinarazteko, eta "arreta medikoa jasotzen ari dira", erantsi dute. "Barne ikerketa egingo da", konpainiaren arabera.
Antzeko bigarren gertaera da egun gutxian. Asteartean, 73 urteko britainiar bat hil eta 100 bidaiari baino gehiago zauritu ziren Singapore Airlines konpainiaren hegaldi batean turbulentzien eraginez. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Thailandian.