Palestinaren aitortza
Espainiak, Norvegiak eta Irlandak gaur aitortuko dute Palestinako estatua, tentsio diplomatikoen erdian
EiTB Media
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazpen instituzionala egingo du 08:30ean. Hiru herrialdeek euren asmoa iragarri zutenetik, Israelek erretiratu egin ditu bere enbaxadoreak. Halaber, Espainiak Zisjordanian duen kontsulatuari debekatu egin dio palestinarrei zerbitzua ematea.
Iragarpena egin eta sei egunera, Espainiak, Irlandak eta Norvegiak gaur aitortuko dute Estatu palestinarra ofizialki. Zehazki, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Moncloan egingo du agerraldia, 08:30ean, eta bertan Palestinako Estatuaren inguruko adierazpen instituzionala egingo du. Ondoren, 09:30etik aurrera, aitortza ofizialki onartuko du Ministroen Kontseiluak.
Joan den asteazkenean iragarri zutenetik, Israelek ofentsiba diplomatikoa abiatu du. Esaterako, erretiratu egin ditu Espainian, Norvegian eta Irlandan zituen enbaxadoreak, eta Espainiak Zisjordanian duen kontsulatuari debekatu egin dio palestinarrei zerbitzua ematea.
Tentsio diplomatikoen erdian, Israelgo agintariak etengabe ari dira Espainiaren aurkako mezuak zabaltzen. Azken astean, Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak behin birritan ohartarazi du Espainiak, Irlandak eta Norvegiak estatu palestinarra onartzeak "ondorio are larriagoak" izango dituela.
Espainiak Palestina estatu gisa aitortuko zuela iragarri eta biharamunean, Palestina "ibaitik itsasoraino" aske izango dela adierazi zuen Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean. Lelo hori antisemita dela uste du Israelek, eta bere haserrea areagotu du.
Gainera, Israelgo Gobernuak hiru bideo argitaratu ditu, bideo bana herrialde bakoitzeko, Hamasen izenean Espainiari, Norvegiari eta Irlandari eskerrak emanez. Espainiari buruzko grabazioak flamenkoko irudiak eta urriaren 7ko erasoaren irudiak tartekatzen ditu. Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroaren arabera, bideoa "eskandalagarria" da. "Inork ez gaitu kikilduko", gaineratu du.
Atzo, Israelgo Gobernuak gogor egin zuen, beste behin, Espainiako exekutiboaren kontra, eta bera "mintzen" duena "minduko" duela iragarri zuen, "Inkisizioaren egunak amaitu" direla argudiatuta.
"Inkisizio egunak amaitu dira. Gaur egun herri juduak Estatu burujabe eta independentea du, eta inork ez gaitu konbertituko edo gu mehatxupean jarriko: gu mintzen gaituena munduko dugu", ohartarazi zuen X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
Katzen esanetan, Israel "ez da isilik geratuko terrorismoa saritzen duen Gobernuaren aurrean eta lelo antisemita errepikatzen duten Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz buruzagien aurrean".