Gaza erasopean
Bonbardaketek ez dute etenik Rafahn, hildakoen kopuruak handitzen jarraitzen duelarik
Agentziak | EITB Media
Gutxienez 16 pertsona hil dira gaur goizaldean UNRWA NBEko agentziak errefuxiatuentzako jarritako kanpalekuen aurkako erasoetan, eta gaur arratsaldean 20 pertsona baino gehiago hil dira hainbat erasotan.
Nazioartearen kritika eta presioei entzungor, Israelek berriz eraso die Rafahn (Gaza hegoaldea) errefuxiatuentzat paratutako kanpalekuei. Gutxienez 36 lagun hil dira erasoetan astearte honetan. Horrez gain, atzo 50 palestinar, gehienak zibilak, hil zituen Israelek Tal al Sultango kanpalekuan, Rafahko ipar-mendebaldean.
Gutxienez 16 pertsona hil dira gaur goizaldean UNRWA NBEko agentziak errefuxiatuentzat jarritako kanpalekuen aurkako erasoetan, eta gaur arratsaldean 20 pertsona baino gehiago hil dira Rafah mendebaldeko hainbat auzotan, hala nola Tal al Sultan edo Mawasi auzoetan, ustez eremu seguruetan, non Israelek ez du oraindik biztanleria zibila ebakuatzeko agindu.
Mugarik gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, erasoetako batzuk euren larrialdietarako zentrotik (han dituzte larri zauritutakoak) gertu jazo dira, eta osasun langileen sartu-irtena eragotzi da.
UNRWAren arabera, milioi bat pertsonak egin dute ihes eremutik Israelek Rafahren kontrako erasoaldia abiatu zuenetik. Hiriko mendebaldetik ere joan beharrean daude orain, bonbardaketak tarteko.
Asteleheneko bonbardaketak haserrea eta gaitzespena eragin ditu mundu zabalean, eta CNN telebista kateek iturri diplomatikoak aipatuta zabaldu dutenez, NBEren Segurtasun Kontseiluak urgentziazko bilera egingo du, Aljeriak eskatuta.
Tel Aviv gero eta isolatuago dago, Europar Batasunak berak, lehen aldiz, errepresaliak hartzeko aukera mahai gainean jarri ostean, Israelek Nazioarteko Auzitegiaren aginduak betetzen ez baditu. Gogora ekarri behar da Hagako Auzitegiak Rafahren kontrako erasoaldia gelditzeko agindu ziola joan den astean.