Ukrainako gerra
NATOko hainbat herrialde, Ukrainari eurek bidalitako armak erabiltzeko baimena ematetik gertuago
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Nazioarteko legea betez eta modu arduratsuan egitea nahi dugu", esan du Aliantzako idazkari nagusi Jens Stoltenbergek komunikabideen aurrean.
NATOko hainbat herrialdek bidea zabaldu diote Ukrainari eurek bidalitako armak erabilita Errusian dituen helburuen aurka jotzeko. Gai horrek, baina, zatituta ditu Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko (NATO) aliatuak AEBk Ukrainari horretarako argi berdea eman dionetik.
"Nazioarteko legea betez eta modu arduratsuan egitea nahi dugu", esan du Aliantzako idazkari nagusi Jens Stoltenbergek komunikabideen aurrean, Atzerri ministroek bilera egin aurretik.
Czernin jauregian, Txekiako Atzerri Ministerioaren egoitzan, bildu dira gaur, Washingtonen uztailean aliatu guztiek egingo duten goi-bilera prestatzeko. Aurreikusi dutenez, udan egingo duten batzar horretan onartu nahi dute NATOk eginkizun handiagoa izatea armen eta munizioen horniketa koordinatzeko orduan. Halaber, finantza konpromiso berri bat adostea bilatuko dute.
Bestalde, Ukrainaren eskariari emango diote lehentasuna hitzordu horretan. Hain zuzen ere, Ukrainak horiek bidalitako armak erabiltzeko baimena eskatu die, Errusiak Kharkiven kontrako erasoak areagotu dituela arrazoituta. AEBk, bere aldetik, onartu egin du eskaera, betiere, "armak eskualde horretan soilik erabiltzen badituzte".
Ekimena babesten duten herrialdeak
Joe Biden presidentearen Administrazioko iturrien arabera, AEBk baimena eman dio Ukrainari Errusiako Federazioaren barruan dauden helburu militarrei eraso egiteko, betiere Errusiako Armadak Kharkiv eskualdeari erasotzeko erabiltzen duen eremutik irteten ez bada, Ukraina ipar-ekialdean eta Errusiarekin mugan dagoena.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du Etxe Zuriaren onespenaren berri jaso duela, eta pozik agertu da erabakiarekin; izan ere, "helburua lortzeko aurrerapausoa da, mugako lerroan dauden herrietan bizi den jendea defendatzeko aukera emango digulako".
AEBz gain, NATOko zenbait kide ere Ukrainari Errusian armak erabiltzen uztearen alde agertu dira. Besteak beste, Polonia eta Suedia dira horren aldekoak, betiere defentsa propioa nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatuz egiten bada.
Alemania horren aldekoa izango litzateke, baldin eta Ukrainako herritarrak eta azpiegitura zibilak defendatzeko erabiltzen bada.
Estonia zehatzagoa izan da, honakoa esan baitu: "Ukrainak bere burua babesteko armak erabiltzeko eskubidea du, baita Errusian ere, behar izanez gero, helburua azpiegitura militarrak edo estrategikoak direnean".
Letoniak eta Herbehereek Nazio Batuen Gutuna ekarri dute ahora. Gutun horren azterketa juridiko eta politiko zehatzetik ondorioztatu dutenez, Ukrainak eskubidea du "Errusiako indarrei ez soilik Ukrainan erasotzeko, baizik eta baita Errusiako lurraldean ere, bidezko helburu militarrak jotzeko", Letoniaren arabera. Herbehereetako ministroaren hitzetan, defentsa propioari dagokionez, "ez dago muga geografikorik armen erabileraren gainean".
Beste potentzia batzuk
Ukrainari eman dizkioten armak Errusian erabiltzearen aurkakoak dira Italia, Espainia eta Finlandia, arrazoi ezberdinengatik bada ere.
Guido Crosetto Italiako Defentsa ministroak ostiral honetan esan duenez, Ukrainak Errusian armamentu italiarra erabiltzea Italiako Konstituzioaren aurkakoa da, eta Kievek Errusiako lurraldeari mendebaldeko herrialdeek emandako armekin eraso egitearen aurka dagoela berretsi du. Crosettok azpimarratu duenez, Italiak bidalitako armak "Ukraina defendatzeko baino ezin dira erabili; horrek barne hartzen du errusiarrei Ukrainan erasotzea, baina ezin dira beste herrialde batean erabili". Izan ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, Italiako Konstituzioak bere 11. artikuluan debekatu egiten du beste herrialdeen kontra egitea. Besteak beste, honakoa dio: "Italiak gerra gaitzesten du, gainerako herrien askatasunaren aurkako eraso-tresna gisa eta nazioarteko eztabaidak konpontzeko bitarteko gisa".
Bestalde, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak esan du Ukrainak ez duela baimenik eskatu Espainiak emandako armak Errusian erabiltzeko, eta, beraz, emandako materiala "Ukrainak bere burua defendatzeko eta bere lurraldea defendatzeko" da.
Finlandiako ministroak, Elina Valtonenek, Ukrainaren aireko defentsen beharra azpimarratu du, Ukrainako azpiegitura zibil eta energetikoari kalte gehien egiten dieten erasoak Errusiako mugaren beste aldetik baitatoz. Ez du zehaztapen gehiago egin.