Bozak
Modik bere aliantzaren garaipena aldarrikatu du Indiako hauteskundeetan
Agentziak | EITB Media
Horrela, Aliantza Demokratiko Nazionalak gehiengo absolutuari eustea lortu du, baina babesa galdu du 2019ko bozekin alderatuta, Indiako Garapen Nazionalerako Aliantza Inklusiboak (INDIA) gora egin duelako.
Narendra Modi Indiako lehen ministroak gaur esan duenez, jendeak "fedea" jarri du Aliantza Demokratiko Nazionalean hirugarren aldiz, eta azken hamarkadan egindako "lan onarekin" jarraituko du bere helburuak betetzen jarraitzeko. Modik "balentria historikotzat" jotzen duena ospatu du, nahiz eta azken emaitzek koalizioaren babesa murriztu eta oposizioa zundaketek iragarritakoa baino datu hobeekin kokatu.
Narendra Modi lehen ministroa buru duen Indiako Alderdi Popularrak (BJP) botoen % 36 eskuratu ditu, 227,5 milioi boz inguru erdietsi ostean. Aliantza Nazional Demokratikoak (NDA, ingelesezko siglen arabera) 290 eserleku lortuko ditu horrela, gehiengo absoluturako beharrezkoak diren 272 eserlekuen gainetik.
Koalizio eskuindar eta kontserbadore honek gehiengo absolutuari eustea lortu du, baina 58 eserleku galdu ditu 2019ko bozekin alderatuta, Indiako Garapen Nazionalerako Aliantza Inklusiboa (INDIA) zentro-ezkerreko koalizioak gora egin duelako.
Modiri aurre egiteko indarrak batu dituzten 25 alderdiek 230 eserleku lortu dituzte, hau da, azken hauteskundeetan baino 101 gehiago, Hauteskunde Batzordeak bere webgunean jasotako datuen arabera.
INDIA koalizioko alderdi nagusiak, Indiako Kongresu Nazionalak (INC), botoen % 21 eskuratu ditu, 98 eserleku, 2019an baino 46 gehiago. Gainera, Alderdi Sozialistak botoen % 3,83 eskuratu ditu, 35 ordezkri guztira, azken hauteskundeetan ordezkaritzarik lortu ez ostean.
Gobernu koalizioak kolpe handiak hartu ditu Uttar Pradesh, Maharashtra, Mendebaldeko Bengala, Kerala, Punyab eta Tamil Nadu estatuetan, non INDIAk ordezkari kopuru handiagoa duen, baina Bihar, Madhya Pradesh, Karnataka, Gujarat, Andhra Pradesh, Odisha eta Delhi hiriburuetan gailendu da, non jokoan dauden zazpi eserlekuak batu ditu.
Hala, BJPk ez du bere kabuz eserlekuen gehiengo osoa lortu, eta beste alderdi batzuen babesa behar du, Modiren aurreko bi agintaldietan inoiz ikusi ez dena; izan ere, bere alderdiak 303 ordezkari lortu zituen 2019an, eta 282 2014an.
Hori dela eta, Mallikarjun Jarge Indiako Kongresuaren Alderdiko buruak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, emaitzak Modiren "porrot moral eta politikoa dira". "Argi dago emaitza Modiren aurkakoa dela", adierazi du Mallikarjunek, The Times of India egunkariak jakitera eman duenez.