Itxi

URTEURRENA

Nazioarteko agintariek Normandiako lehorreratzearen 80. urtemuga gogora ekarriko dute gaur Frantzian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lehen aldiz, antolatzaileek ez dute Errusiako ordezkaririk gonbidatu; bai, ordea, Ukrainako presidentea. Guztira, 25 estatuburu eta gobernuburu izango dira han.

Normandiako lehorreratzearen 80. urtemuga gogora ekartzeko ekitaldien prestaketa. Argazkia: EFE

Duela 80 urte gauzatu zen Normandiako lehorreratzea, eta nazioarteko agintari askok horren urtemuga gogora ekartzeko ekitaldietan hartuko dute parte ostegun honetan, Frantzian. Operazio militar horrek, Alemania naziaren gainbehera eragin zuen Bigarren Mundu Gerran.

Eguneko ekitaldi nagusiak Omaha hondartzan egingo dira, lehorreratzeko unean arazo gehien sortu ziren tokian, hain zuzen ere. Gainera, militar estatubatuar gehienak han bertan hil ziren.

Gauzak horrela, Joe Biden AEBko presidenteak zeremonia estatubatuar batean parte hartuko du gaur. Era berean, nazioarteko beste ekitaldi bat egingo da. Bertan 25 estatuburu eta gobernuburu izango dira, horien artean Erresuma Batuko Carlos III.a erregea, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Sergio Mattarella Italiako presidentea.

Lehen aldiz, gainera, antolatzaileek ez dute Errusiako ordezkaririk gonbidatu; bai, ordea, Ukrainako presidentea, Volodímir Zelenski.

Bizirik dauden azken militarrak, duela 80 urte borrokatu ziren hondartza, hiri eta zelaietan biltzen ari dira. Gehienek ehun urte inguru dituzte jada.

Bihar, ostirala, Bidenek askatasuna eta demokrazia babestearen garrantziari buruzko hitzaldi bat emango du Pointe du Hoc-en, Normandiako itsaslabar harritsu baten tontorrean, Normandiako lehorreratzean soldadu alemanei eraso egiteko asmoz tropa estatubatuarrek eskalatu zutena, alegia.

Ondoren, ekainaren 8an, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta haren emazte Brigitte Macronek ongietorria egingo diete Parisen AEBko presidenteari eta lehen damari, Estatu bisita batean.

Bisita horretan, bi herrialde horien arteko "harreman iraunkor eta zabala" islatuko dute; balio demokratikoetan, lotura ekonomikoetan eta defentsa eta segurtasun arloko lankidetzan oinarrituta, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.

Gainera, bi buruzagiek "nazioarteko gaur egungo erronka eta gai nagusiak" aztertzeko aukera izango dute. Hala, Ukrainako gerrak eta Gazako gatazkak tarte nabarmena izango dutela aurreikusten da.

1944ko ekainaren 6an, itsasotik ordura arte inoiz egindako inbasiorik handiena gauzatu zen. Guztira, 7.000 ontzi, era guztietako 9.500 hegazkin, 132.000 soldadu eta 3.200 ibilgailu lehorreratu ziren Frantzian.

Gaur egun, Normandiako hondartzetan eta inguruetan 44 museo eta 21 monumentu daude, baina baita hilerri militar ikaragarriak ere (28, ia 118.000 hilobirekin).