Gaza, erasopean
Gaza eta Egipto arteko muga-lerro osoa hartu eta okupatu du jada Israelek
EITB Media
Hiru hildako izan dira gaur UNRWAren eskola batean egindako erasoan, eta 36.700 palestinarretik gora dira jada Israelek eraildakoak, 15.500 haur tartean. Gaur NBEk gatazka guneetako haurrei kalte egitea leporatzen dieten herrialde eta entitateen "zerrenda beltzean" sartu du Israel.
Israelgo Armadak dagoeneko Filadelfia korridore osoa hartu eta okupatu du, hau da, Gazako Zerrenda eta Egipto banatzen dituen 14 kilometroko muga-lerroa; izan ere, azken orduetan itsasertzeko azken gunea hartu du bere gain.
Joan den astean iragarri zuen lerro osoan zuela "kontrol operatiboa", kostalde alboko zatitxo bat izan ezik, nahiz eta eremu hori airez kontrolatu duten orain arte.
Agentziek tokiko bizilagunen lekukotzak aipatuz baieztatu dutenez, Israelgo tankeak Al Izbara iritsi dira, Rafah hego-mendebaldeko muturrera, Mediterraneo itsaso parean. Hala erakusten du, gainera, sareetan zabaldu den argazki batek.
Israelentzat funtsezkoa zen muga hori kontrolatzea, batetik, Israelen hitzetan, gutxienez 20 tunel topatu dituelako, eta, bestetik, hori izan delako urteetan zehar "Hamasentzako armak estraperloan sartzeko bidea".
Eraso gehiago
Palestinako mediku iturriek jakinarazi dutenez, gaur gutxienez bi palestinar hil dira bonbardaketetan hiriaren mendebaldean, Israelek inongo ebakuazio agindurik eman ez duen auzo batean.
Horrez gain, hiru pertsona hil eta zazpi zauritu ditu Israelek Gaza hiritik gertu dagoen Shati kanpalekuan, UNRWAren ikastetxe baten aurka egindako erasoan. Honekin, 150 dira jada dira Israelek erasotutako UNRWAren ikastetxeak, desplazatuentzako aterpe gisa erabiltzen direnak.
Israelgo hegazkinek Nuseirateko UNRWAren eskola baten aurka hiru misil jaurtiz 40 pertsona inguru (14 adingabe tartean) hil eta biharamunean egin dute erasoa.
Israel, NBEren "zerrenda beltzean"
Hain justu, Nazio Batuen Erakundeak ostiral honetan erabaki du Israelgo Armada gatazka guneetan haurrei kalte egin dieten herrialde eta entitateen "zerrenda beltzean" sartzea.
Hala baieztatu du Gilad Erdan Israelek NBEn duen ordezkariak, eta "harrigarria bezain higuingarria" iritzi dio Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak hartutako "moralaren kontrako erabaki horri".
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohar baten bidez esan duenez, "gaur NBE jarri da historiako zerrenda beltzean, Hamaseko hiltzaileen aldekoekin bat eginez. Israelgo Defentsa Indarrena munduko armadarik moralena da, eta NBEren ezein erabaki zentzugabek ez du hori aldatuko".
Astelehenetik, 250 palestinar baino gehiago hil eta 750 zauritu dira, gehienak erdialdeko eremuan Isralek egindako eraso gogorren ondorioz. Gaur zortzi hilabete bete dituen erasoaldian, 36.731 dira Gazan hildako pertsonak —15.500 baino gehiago haurrak— eta 83.530 zaurituak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Gantz-en dimisioa airean
Oraindik Israelgo gerra kabineteko ministro den Benny Gantzek komunikabideak deitu ditu ostiraleko 20:40an (19:40, Euskal Herrian), itxura guztien arabera, ersoaldia hastean sortutako larrialdi gobernutik eta gerra kabinetetik aterako dela iragartzeko.
Bere Batasun Nazionala alderdiaren iragarpen ofizialak ez du argitu agerraldiaren arrazoia, baina Israelgo prentsak eta analista politikoek uste dute politikariak babesa kenduko diola Hamasen urriaren 7ko erasoen ostean Netanyahuk gerra kudeatzeko sortutako larrialdi exekutiboari.
Urriaren 7a baino lehen oposizioan zegoen arren, Gantz izan zen Netanyahuk gerra garaiko batasun nazionaleko gobernua osatzeko eskaerarekin bat egin zuen buruzagi bakarra. Gainera, kargu bat lortu zuen gerrako kabinete murritzenean, eta boto-eskubidea duten hiru kideetako bat da, Netanyahu lehen ministroarekin berarekin eta Yoav Gallant Defentsa buruarekin batera.
Gantzek, iraganean Estatu Nagusiko buruzagi eta Defentsa ministro izan zenak, maiatzaren erdialdean ultimatum bat igorri zion Netanyahuri: kabinetea utziko zuela esan zion, ekainaren 8a baino lehen Gazako Zerrendako gerraosteko planik iragarri ezean. Ez da halakorik gertatu, eta, beraz, dimisioarena da ostiralerako espero den iragarpena.
Gantzen alderdia larrialdiko gobernutik ateratzeak ez du arriskuan jartzen Netanyahuren koalizioaren biziraupena, 64 eserlekurekin Israelen inoiz izan den eskuineko muturrekoena.
Hala ere, gobernu koalizioak beste arrisku batzuk ditu: eskuin muturreko alderdiek —Botere Judua eta Sionismo Erlijiosoa— koalizioa uzteko mehatxua egin dute Hamasekin tregoarako akordioa sinatzen bada, kontzesiotzat hartzen baitute erasoen amaiera eskaerari men egitea; formazio ultraortodoxoek, Shasek eta Torahren Judaismo Batuak, berriz, gauza bera egingo dute, gaztaroa Tora ikasten ematen duten gazteei derrigorrezko zerbitzu militarrik egin behar ez izateko salbuespen militarra baliogabetuz gero.
Eskuin muturreko nazionalisten 14 eserleku horiek eta ultraortodoxoen 18ak ezinbestekoak dira Netanyahuren gobernuak bizirauteko.