GAZA, ERASOPEAN
Benny Gantz Israelen gerra kabineteko ministroak atzeratu egin du dimisioa iragartzeko prentsaurrekoa
agentziak | eitb media
Urriaren 7aren aurretik oposizioan zegoen politikariak ultimatuma helarazi zion maiatzean Netanyahuri, ekainaren 8a baino lehen Gazako Zerrendan gerraosterako planik aurkezten ez bazuen kabinetea utziko zuela jakinarazteko.
Benny Gantz Israelgo Gobernuaren gerra kabineteko ministroak prentsaurrekoa deitua zuen gaur 20:40rako (19:40, Euskal Herrian) dimisioa iragartzeko, hau da, gerra hasi zenean osatu zen larrialdiko gobernutik eta gerra kabinetetik ateratzeko. Gazan bahitutako batzuk askatu ostean, baina, epemugarik gabe atzeratu du agerraldia.
Batasun Nazionala alderdiak egindako iragarpen ofizialak ez zuen agerraldiaren zergatia zehazten, baina Israelgo prentsa eta adituen arabera, politikariak urriaren 7ko erasoaren ostean sortu zen larrialdiko gobernua uzteko erabakiaren berri eman nahi zuen.
Hamasen erasoaren aurretik oposizioan zegoen politikaria izan zen Netanyahuk batasun nazionaleko gobernua osatzeko egindako eskaerari baiezkoa eman zion buruzagi bakarra, eta postu garrantzitsua du gerra kabinetean, lehen ministroarekin eta Yoav Gallant Defentsa ministroarekin batera, boto-eskubidea duen bakarra baita.
Gantzek, Estatu Nagusiko buru eta Defentsa ministro izandakoak, ultimatuma bidali zion Netanyahuri maiatzaren erdialdean, ekainaren 8a baino lehen Gazako Zerrendan gerraosterako egitasmo bat aurkeztu ezean kabinetea utziko zuela jakinarazteko. Egitasmorik mahai gainean ez dagoenez, gaur dimisioa ematekoa zela uste zuten.
Militar esanguratsu batzuek eta adituek bezalaxe uste du funtsezkoa dela zehaztea nork hartuko dituen zeregin zibilak eta Gazako Zerrendako gobernua gerra amaitzen denean, Hamas garaitzen dutenean.
Gantzen profil politikoa asko indartu da gerran, eta hauteskunde inkestek lehenengo postuan kokatzen dute. Netanyahurentzat kolpe sinboliko gogorra izango litzateke, nahiz eta oraindik ez duen gehiengoa galduko.
Israelgo koalizio gobernuak beste arrisku batzuk ditu: eskuin muturreko alderdiek (Botere Judua eta Sionismo Erlijiosoa) gobernua utziko dute Hamasekin su-eten akordioa sinatuz gero, eta Shas eta Toraren Judaismo Batuak ultraortodoxoek gobernua utziko dute Tora ikasten ari diren gazte harediak zerbitzu militarra egitera behartzen badituzte.