Gazako zerrenda
210 palestinar hil eta 400 zauritu ditu Israelek bahitutako lau lagun erreskatatzeko abiatutako erasoaldian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuaren kontra egin ditu eraso gehienak. Israelgo Armadak abiatutako operazioan, Hamasek bahitutako lau pertsona erreskatatu dituzte. Abbasek NBEko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilkura eskatu du "sarraskia" izan ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez 210 pertsona hil eta 400 zauritu ditu Israelek larunbat honetan Gaza erdialdean burututako hainbat erasotan. Nuseirateko kanpalekua —Israelgo Armadak abiatutako operazioaren agertokia— gogor astindu du. Erasoaldian, Hamasek bahituta zituen lau pertsona bizirik aurkitu dituzte Israelgo soldaduek.
"Gutxienez 210 martiri hil dira okupazioak Nuseiraten egindako sarraski beldurgarrian", jakinarazi du Gazako Zerrendako Osasun Ministerioak ohar labur batean, Filastin egunkariak jaso duenez. WAFA albiste-agentzia palestinarraren lekukoek, berriz, "aurrekaririk ez duen erasoaldia" izan dela esan dute. Ordubetez, Nuseirat, Deir al Balah, Zueida eta Bureij bonbardatu dituzte.
Hamasek kontrolpean duen Osasun Ministerioak eta Aginte Palestinarraren Presidentetzako bozeramaile Nabil Abu Rudeinak salatu dutenez, "Israelek lagun asko hil eta zauritu ditu".
"Masakre hau palestinar herria jasaten ari den genozidioaren jarraipena da", adierazi du nazioartearen eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren esku-hartzea eskatu baino lehen. Hain zuzen ere, galdegin die Israel behartu dezatela ekintza guztiak berehala uztera, "nazioarteko ebazpen guztiak urratzen ari baitira".
Bitartean, Facebook bidez zabaldutako ohar batean Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, biktima gehienak umeak eta haurrak dira.
Abbasek NBEko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilkura eskatu du
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Riad Mansur Nazio Batuen Erakundeko ordezkari palestinarrari eskatu dio NBEko Segurtasun Kontseiluan larrialdiko bilkura bat eskatzeko, Israelgo Armadak Nuseirateko errefuxiatu-eremuan, Gazako Zerrendaren erdialdean, larunbat honetan egindako "sarraski odoltsua" eztabaidatzeko.
Abbasek harreman zabalak ditu alde arabiarrekin eta beste eragile garrantzitsu batzuekin bilkura hau egiteko. Era berean, "Gazako Zerrendan eta Zisjordanian, Jerusalem ekialdea barne, herri palestinarraren tragedia geldiarazteko premiaz esku hartzeko" eskatu dio nazioarteari, WAFA albiste-agentziaren arabera.
Ildo horretan, nabarmendu duenez, beharrezkoa da "Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den erasoa gelditzea" eta "Estatu okupatzaileari nazioarteko legedia betearaztea".