Itxi

Europako hauteskundeak

Europako Parlamentuan taldeak osatzeko negoziazioak abian, ultraeskuinaren erabakia ikuskizun dagoela

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Orain arte, eskuin muturreko alderdiak bi taldetan egon dira banatuta. Lehen hitzordua datorren astelehenean izango da, estatuburu eta gobernuburuak Europar Batasuneko kupula instituzionalaren berritzeaz jardungo dira afari informal batean.

Europako Parlamentua. Argazkia: EFE

Europar Batasuneko 27 Estatu kideetako milioika herritarrek botoa hautetsontzietan utzi ostean, asteon hasiko da datozen bost urteetarako EBko erakundeak osatzeko egutegia, udazkenera arte iraungo duena.

Europako Parlamentuan, zentroko talde europazaleek gehiengoari eustea lortu dute liberalek eta berdeek behera eta eskuin-muturrak gora egin duen arren. Azken hauen kasuan, ikusteko dago zein izango den benetako eragina taldeak osatzen dituztenean.

Ekainaren 10etik aurrera: Emaitzak argitaratuta, talde politikoak osatzeko negoziazioei ekin diete alderdiek. Talde politiko bakoitzak 7 estatutako 23 diputatu behar ditu gutxienez, eta ekaina erdialdean egingo den lehenengo osoko bilkura hasten denerako osatuta egoteak indarra emango dio, presidenteordetzak banatzeko, esaterako.

Euroganberan egun dauden taldeek kideak galdu edo irabaz ditzakete, eta desagertu ere egin daitezke, beste batzuk sortu daitezkeen moduan. Talde europazale handietan (popularrak, sozialdemokratak, liberala eta berdeak) aldaketarik espero ez den arren, jakiteko dago ultrakontserbadoreak eta eskuin-muturra nola antolatuko diren.

Ekainaren 17a: estatuburu eta gobernuburuen lehenengo afari informala Europar Batasuneko kupula instituzionalaren berritzeaz jarduteko. Europako Batzordeko presidentea, Europako Kontseiluko presidentea eta Europar Batasuneko Atzerri Politikako goi ordezkaria izendatzeko lehenengo pausoa izango da, bertan aterako baitira kontsentsuzko lehenengo izenak.

Bruselan egingo den ekitaldi horren aurretik, baina, buruzagietako batzuk elkar ikusiko dute G7aren bileran, Italian, eta Suitzan egingo den Ukrainako bakearen aldeko goi-bileran, eta negoziazio formalik aurreikusten ez bada ere, harreman informalak izango dituzte bataren eta bestearen asmoak neurtzeko.

Von der Leyen. Argazkia: EFE

Ekainaren 18tik uztailaren 3ra: taldeen lehenengo bilerak Europako Parlamentuan, eta ziurrenik eurodiputatuek taldeetako buruak aukeratuko dituzte. Lehenengoa Europako Alderdi Popularra izango da (ekainak 18), eta ondoren etorriko dira Berdeak/Europako Aliantza Librea (ekainak 19), sozialdemokratak eta Ezkerra (ekainak 25), eta gero Europa Berritu eta Kontserbadoreak eta Erreformistak (ekainak 26). Azkena Nortasuna eta Demokrazia eskuin-muturreko taldea izango da, uztailaren 3an.

Ekainak 27 eta 28: Estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilera formala, eta goi kargudunen banaketa eztabaidatuko dute, ez baita espero ekainaren 17an adostasuna lortzea.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearen asmoa da goi-bilera horretan adostea berritu beharreko goi-kargudunak: Europako Batzordearen presidentea, Europako Kontseiluaren burua eta EBko Atzerri Politikako goi ordezkaria.

Gobernuburuek ez dute Europako Parlamentuko presidentea hautatzeko eskumenik, baina litekeena da karguen banaketan adostea nor izango den Euroganberako presidente legegintzaldiaren lehenengo eta bigarren erdietan.

Uztailaren 16tik 19ra: 720 diputatu hautatuen lehenengo osoko bilkura uztailak 16 eta 19 artean izango da Estrasburgon, Roberta Metsola egungo presidenteak gidatuta.

Europako Parlamentua. Argazkia: EFE

Europako Parlamentuaren lehenengo egitekoa da, hain zuzen ere, presidente berria hautatzea, eta legegintzaldia bi urte eta erdiko bi presidentziatan banatzen da.

Berez, Europako Parlamentuak du presidentea aukeratzeko eskumena, baina praktikan eragina izaten du Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek adostutako orekak, bereziki Euroganberako presidentearen joera politikoari dagokionez.

Saio horretan bertan izan daiteke Europako Batzordeko presidentearen hautagaitza onartzeko bozketa, baina izena estatu kideek proposatuko dute. Dena dela, gerta liteke bozketa hori bigarren osoko bilkurarako uztea, hau da, irailerako.

Parlamentuak proposatutako izena errefusatuz gero, estatuek beste hilabete bateko epea izango dute gehiengo kualifikatuz bigarren hautagaia aurkezteko.

Udazkenean, ziurrenik: Batzordearen presidentea aukeratzeko epeak baldintzatuko du Europar Batasunaren egutegia urtea amaitu arte, estatu kideek presidente horri helarazten baitizkiote komisarioak izateko proposamenak, ondoren dagokion Parlamentuko batzordean eztabaidatzeko.

Azkenik, Europako Batzorde osoaren bozketa izango da Europako Parlamentuan, eta orduan izango da izendapen ofiziala, gehiengo kualifikatuz.

Europako Batzorde berria azken onarpen hori jaso ostean hasiko da martxan, eta Kontseiluaren presidenteak abenduaren 1ean ekin beharko lioke lanari.

Sanchez eta Golob, Guterresekin. Argazkia: EFE

Albisteak (4)