Itxi

Merkataritza

Europako Batzordeak % 38,1era arteko muga zergak iragarri ditu Txinako auto elektrikoen aurka

EiTB Media

Leer en Castellano

Aldaketarik ezean, uztailetik aurrera aplikatuko dira, baina erabakia ez da behin betikoa eta Europako Batzordeak Txinarekin hitz egiten jarraitzen du. Hala ere, dagoeneko Txinako Gobernuak erantzun du "protekzionismo kasu tipikoa" dela.

BYD auto elektrikoa, artxiboko irudi batean. EiTB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

Europako Batzordeak iragarri du uztailaren 4tik aurrera Txinako auto ekoizleek gehiago ordaindu beharko dutela ibilgailu elektrikoak Europar Batasunean saltzeagatik. Txinako Gobernuak erantzun du "protekzionismo kasu tipikoa" dela, eta iragarri du Asiako erraldoiak "beharrezko neurriak" hartuko dituela "Txinaren eskubide eta interes legitimoak babesteko".

Ohar bidez Europako Batzordeak adierazi duenez, muga zergak ezberdinak izango dira ekoizlearen eta kolaboratzeko erakutsi duten borondatearen arabera. Esaterako, BYD etxeak % 17,4 gehiago ordaindu beharko du, Geelyk % 20, eta SAICek % 38,1.

Halaber, Europako Batzordearekin lankidetzan aritu diren fabrikatzaileek % 21eko muga zerga izango dute eta lagundu ez duten gainerakoek, berriz, % 38,1ekoa.

Txinan autogintzako enpresek jasotzen dituzten laguntza publikoengatik hartu du erabakia Europako Batzordeak, uste baitu abantaila "desleiala" dutela eta horrek "kalte ekonomikoa" egiten diela Europar Batasuneko ekoizleei.

Hala ere, ez da behin betikoa eta Europako Batzordeak atzera egin dezake bere erabakia. Europako Batzordea Txinarekin harremanetan jarri da bere ondorioak jakinarazteko eta konponbideak aztertzeko. 

Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordeak gaur Bruselan egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, Batzordeak bere ondorioak helarazi dizkie Txinako agintariei, eta Munduko Merkataritza Erakundearekin "bateragarria" izango den irtenbide bat bilatzeko deia egin die. Adostasunik ezean, uztailaren 4tik aurrera aplikatuko dira muga zergak.

Europar Batasuneko herrialdeen artean ere ez dago erabateko adostasunik. Alemania eta Suedia esaterako Europar Batasunaren eta Txinaren arteko balizko gerra komertzialaren beldur dira. Espainiak eta Frantziak, berriz, ontzat ematen dute muga zergak ezartzea.

2023ko urritik 2024ko urtarrilera Txinatik Europar Batasunera ia 200.000 auto elektriko iritsi zirela antzeman ondotik, aurreko urteko epe berean baino  % 14 gehiago, inportazio horien gaineko zaintza areagotu eta ikerketa abiatu zuen Europako Batzordeak.

Txina % 25eko muga-zergekin erantzutea planteatzen ari da

Gaur emandako prentsaurreko batean, Lin Jian Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak merkataritza librearen alde eta "protekzionismoaren" aurka egiteko "konpromisoa betetzeko" eskatu dio Bruselari. "EBk eta Txinak lankidetza ekonomiko eta komertziala babesteko lan egin behar dute", ziurtatu du.

Oraingoz, Pekinek ez du ofizialki iragarri zergak ezarriko dituenik Europari erantzuteko, baina Xi Jinpingeko Gobernuak adierazi du prest daudela zilindrada handiko motorrekin inportatutako autoei % 25erainoko muga-zergak ezartzeko, eta horrek, batez ere, Mercedes-Benz eta BMW konpainiei eragingo lieke.

Zentzu horretan, Oliver Zipse BMW Alemaniako auto ekoizlearen administrazio kontseiluko presidenteak Europako Batzordearen erabakia kritikatu du. Zipsek esan duenez, muga-zergak "bide okerra" dira, eta "Europako Batzordea Europako enpresei eta interesei kalte egiten ari zaie".

Europako fabrikatzaileen patronalak ere, horien artean Espainiako Anfac, "merkataritza askearen" eta "justuaren" alde agertu dira.