Militarismoa
Alemaniako Gobernuak soldadutza "selektiboa" proposatu du, 200.000 erreserbista gehiago lortzeko xedearekin
Agentziak | EITB Media
Neurriak ez luke derrigorrezko soldadutza erabat berrezartzea ekarriko, duela 13 urte desagertu baitzen, baina norabide horretan lehen urratsa izango litzateke.
Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak soldadutza "selektiboa" martxan jartzeko plan bat aurkeztu du gaur, milaka gazte Armadan izena emateko eta 200.000 erreserbista gehiago lortzeko.
Neurriak ez luke nahitaezko soldadutza erabat berrezartzea ekarriko, baina norabide horretan lehen urratsa izango litzateke.
Horrela, gazteek beren borondateari eta zerbitzatzeko gaitasunari buruzko galdetegi bat bete beharko dute, eta batzuek azterketa fisikoak ere egin beharko lituzkete.
Erreserbisten kopurua nabarmen handitzea da xedea, derrigorrezko soldadutza duela 13 urte desagertu bazen ere. Hala, aurreikuspenen arabera, 5.000 errekruta gehiago gehituko zaizkio urtero erreserbari 2025etik aurrera. "Helburua da zenbaki hori urtez urte handitzea eta, horrela, gaitasunak areagotzea", azaldu du Pistoriusek.
"Egoera duela urte batzuetakoaren guztiz bestelakoa da. Duela bi urte eta erditik Errusiak nazioarteko zuzenbidearen aurkako gerra martxan du Ukrainaren aurka", gogorarazi du Alemaniako Defentsa ministroak, eta 2029tik aurrera Errusia NATOko estatuei eraso egiteko gai izango dela gaineratu du.
6-17 hilabeteko soldaduska
Eredu berria sei hilabeteko oinarrizko soldadutza izango da, 17 hilabete gehiagoz borondatezko soldadutza egiteko aukerarekin.
Horretarako, nahitaezko izen emate prozesu bat jarriko da martxan, non gazteek soldadutza egiteko borondatea eta gaitasuna azaldu beharko duten.
Emakumeek ere egin ahal izango dute, baina borondatez. Alemaniako Konstituzioak oraindik ez du aurreikusten genero-berdintasuna soldadutzan, nahiz eta Pistoriusek hori aldatzea proposatu.
Alemaniak derrigorrezko soldadutza kendu zuen 2011n, 55 urteren ondoren, nahiz eta legeak oraindik aurreikusten duen gerra edo bestelako tentsio egoeretarako errekrutamendu masibo posible bat. Orain, neurri horren bultzatzaileek uste dute 400.000 pertsona inguruk bete beharko dutela urtero galdetegia.