Arrazakeria eta xenofobia
Ultraeskuindar batek hiru umeri eraso die Finlandian, eta horietako bat larri zauritu du
Agentziak | EITB Media
Finlandiako Poliziak 30 bat urteko erasotzailea atxilotu zuen. Gizonak adingabeei arma zuri batekin eraso zien merkataritza-gune jendetsu batean, eta behin baino gehiagotan sastatu zuen adingabeetako bat, eta beste bat ere sastatzen saiatu zen.
Finlandiako Poliziak eskuin muturrarekin lotura duen gizon bat atxilotu du Oulu hiriko (Finlandiako ipar-mendebaldea) merkataritza-gune batean 12 urteko haur bati labankadak emateagatik, Finlandiako Ikerketa Bulego Nazionalak (KRP) gaur jakitera eman duenez.
Erasoa ostegun arratsaldean gertatu zen. Erasotzaileak, 30 urte inguruko finlandiar batek, ezer esan gabe, hiru adingaberi eraso zien arma zuri batekin merkataritza-gune jendetsu batean.
Lekukoen arabera, erasotzaileak hainbat aldiz sastakatu zuen nerabeetako bat bizkarretik, eta beste bat sastatzen saiatu zen. Azken horrek erasotzailearengandik ihes egitea lortu zuen, nahiz eta gizonak merkataritza-gunetik atzetik jarraitu.
Biktima finlandiarra da, jatorriz atzerritarra, eta zauri larriak zituen. Berehala eraman zuten ospitalera, baina medikuen txostenaren arabera, horren bizitza ez dago arriskuan.
Ikertzaileen arabera, erasotzaileak aurrekariak ditu eta eskuin muturreko talde bateko kidea da. Ihes egin nahian zebilela, segurtasun-zaindariek atxilotu zuten.
Poliziaren arabera, segurtasun-zaindarien esku-hartze azkarra erabakigarria izan zen tragedia handiagoa saihesteko, erasotzailea uxatu eta zauritua artatu baitzuten.
Ikerketa KRPren esku utzi dute, arrazakeria eta muturreko indarkeria kasu bat delakoan. Erasotzaileak erailketa-saiakerako bi karguri egin beharko die aurre, eta zigorra areagotu daiteke arrazakeriagatik eta biktimen adinagatik.